Garapenerako lankidetzako diru laguntza deitzeko eskatu du EAJk
2023tik Udalak ez duela diru laguntzarik deitu jakinarazi dute jeltzaleek. Otsailean 2025eko aurrekontu arrunta eta 2024 egin gabeko zenbatekoa jasoko dituen partida ekonomiko bat sartzeko mozioa onartua izan zen.

Garapenerako lankidetzarako urratsak eskatu dizkio EAJk Udal Gobernuari. Izan ere, hilaren 25eko Afrikaren Eguneko ospakizuna eta Mankosenegal elkartearen sorrera babesteaz harago, hots, “unean uneko ekintzez eta irudi samurrez harago”, “konpromiso instituzionalak” zehaztea ere beharrezkoa iruditu zaie.
2023tik Udalak ez duela garapenerako lankidetzako diru laguntzarik deitu oroitarazi dute jeltzaleek. Horregatik, otsailean, EAJk aurtengo deialdian 2025eko aurrekontu arrunta eta 2024an gauzatu gabeko zenbatekoa jasotzen dituen partida ekonomikoa sartzeko proposamena egin zuen, eta “aho betez” onartua izan zen osoko bilkuran.
“Kalteberatasun egoeran dauden herrialde eta lurraldeekin lankidetzan diharduten erakundeen lana bermatzeko”, Udal Gobernuari aurtengo diru laguntzen deialdia “lehenbailehen martxan” jartzeko eskatu diote.