Euskara ikasteko ikastaro trinkoak emango ditu udal euskaltegiak
Uztailaren 2tik 30era eta abuztuaren 1etik 29ra izango dira saioak. Izena maiatzaren 26tik ekainaren 6ra eman behar da.

Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak eta Miren Tolosa Udal Euskaltegiko zuzendariak jakitera eman dutenez, Irungo Udal Euskaltegiak euskara ikastaro trinkoak jarriko dituzte martxan udan. Bi ikastaro egingo dituzte: uztailaren 2tik 30era bata, eta abuztuaren 1etik 29ra bestera. 09:00etatik 13:15era izango dira saioak.
Caballero: “Udalarentzat oso garrantzitsua da Udal Euskaltegiari eta bere ikasleei beharrezkoa den bultzada hori ematen jarraitzea. Euskara udalerrian sustatzen jarraitu nahi dugu, erraztasunak ematen ditugun aldi berean. Hortaz, jendea animatzen dugu uda aprobetxatzera”.
Lannahi programako baldintzak betez gero, ikastaroak doakoak izango dira, baina honako baldintza hauek bete behar dira horretarako: Lanbiden lan eskatzaile bezala inskribatuta egotea; langabezian egotea, %50 edo gehiagoko aldi baterako enplegu erregulazioko espedientean egotea, edota lanean egonda ere lanaldiak jardun osoaren %50 ez gainditzea.
Programa horretan izena eman nahi duenak webgunearen bidez edota hirian zehar kokatuta dauden autozerbitzu terminalen bidez egin beharko du kudeaketa. Bigarren aukera horretarako, Irun txartela, NA elektronikoa, Izenpe txartela edota bestelako ziurtagiri elektronikoak behar dira.
Haatik, gainerako ikasleek euskaltegian bertan eman beharko dute izena. Era berean, ikastaroa ordaindu behar duten ikasleek 69,40 euroko matrikula ordainduko dute. Alabaina, jakinarazi dute ordaindutako kopurua udalak ateratzen duen beka deialdiaren bidez berreskuratzeko aukera izango dela. Izena maiatzaren 26tik ekainaren 6ra eman behar da.
Azkenik, azpimarratu dute eskaria egiteaz gain mailaketa proba ere egin beharko dela Udal Euskaltegian ari direnak edota aurreko ikastaroan aritu diren ikasleak izan ezik. Proba hori egiteko hitzordua 943 50 52 73 zenbakian hartu behar da.