Asteleheneko lan heriotza salatu dute sindikatuek
Kamioiko kabinan, abiatzear zela, hilik aurkitu zuten Transdipe SL enpresako garraiolaria astelehenean. Langilea "gogoratzeko eta garraiolarientzako lan baldintza kaskarrak" salatzeko elkarretaratzea egin dute sindikatuek.

Garraiolari bat hilik aurkitu zuten astelehenean, kamioi bidaiari ekitear zela. Transdipe SL enpresan egiten zuen lan, eta kamioiko kabinan zegoen goizeko 06:30 aldera topatu zutenean, bihotzekoak jota. 66 urte zituen langileak, 67 betetzear, beraz, erretiroa hartzear.
Langilea “gogoratzeko” eta “lan baldintza kaskarrak” salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, hilaren 23an, Zaisan Hiru, LAB, ESK, Steilas eta EHNE sindikatuek, Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte lelopean.
Jon Altuna, Hiruko ordezkaria, eta Adrian Arrutik, LABeko ordezkariak, hartu dute hitza sindikatu guztien izenean. 66 urteko pertsona bat garraio lanetan aritzeak sindikatuei kezka sortzen diela azaldu du Altunak, “adin horretan arrisku handiagoa dagoelako bihotzeko bat izateko, konortea galtzeko, edo antzeko gertaera bat izateko”. Gainera, “bihotzeko eta bihotzeko gaixotasun asko daudela sektorean” oroitarazi du, aurten hil diren bederatzi garraiolarietatik bost modu ez traumatikoan hil baitira.
Hogei pertsona hil dira aurten lan istripuetan, eta horietatik bederatzi garraiolariak ziren. 2024an, hamalau garraiolari hil zen, batez bestean “gutxi gorabehera hilean bat hil zen”. Aurten, ordea, batez bestekoa bikoizten hasia da, bosgarren hilabeterako bederatzigarren hildakoa baita: “hilero bi hildako batez besteko lazgarria, dramatikoa, eta tragikoa da”. Beste gai batzuetan ez bezala, lan istripuekiko, eta bereziki, garraiolarien lan istripuekiko, kontzientzia eta sozializazio falta dagoela nabari dute.
Egoera hobetzeko bi eskaera egin ditu Hiruko ordezkariak. Batetik, garraiolarien erretiro adina 60 urtera aurreratzea; eta bestetik, istripuak saihesteko plangintzak egiterakoan garraioaren sektorean dauden bihotzeko gaixotasun kopuru nabarmena kontuan hartzea.
Garraiolarien lan baldintza prekarioak
Gipuzkoako errepideko salgaien garraioko hitzarmena azken hamabost urteetan ez dela berritu oroitarazi du Arrutik, eta garraiolarien lan baldintza kaskarrak salatu ditu. Izan ere, “langile asko kamioietan bizi dira, ordutegi oso luzeak dituzte, eta elikadura eta bizimodua ez dira osasuntsuak”. Bizimodu prekario hori ere lan istripuen eragile dela deitoratu LABeko ordezkariak.
Gainera, zahartzen ari den sektorea da garraioarena; baina, lan baldintza “negargarriak” direla eta, ez dago sektorera batu nahi duen jende berririk, hortaz, “ez dago erreleborik”.