Asteburu osoko egitarau zabala Espainiako Kopan
Ekainaren 6tik 8ra jokatuko da Irunen gizonezkoen Eskubaloiko Espainiako Kopa. Kirol partidez gain, denetariko jarduerak izango dira asteburuan zehar, hala nola, kontzertuak, DJak, pintxo ibilaldiak eta gaztelu puzgarriak.

Gizonezkoen Eskubaloiko Espainiako Kopak Irunen ospatuko du bere 50. urteurrena, ekainaren 6tik 8rako asteburuan, Artalekun, “Bidasoa Irunen etxean, 2.200 zaleren aurrean”. Zale guztientzako toki nahikorik ez dagoela oharturik, Fan Zone-a antolatu dute asteburu osorako.
Eragile eta erakundeen lankidetza funtsezkoa izan da asteburu osorako jarduerak antolatzeko, eta egitarauaren aurkezpenean izan dira Cristina Laborda, Irungo alkatea; Goizane Alvarez, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuko foru diputatua; Nuria Alzaga, lehen alkateordea eta Hiri bultzadako ordezkaria; Borja Olazabal, Kiroleko ordezkaria; Arantxa Arzak, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko ordezkaria; Angela Rodriguez, CD Bidasoako gizarte eta marketin arloko arduraduna; eta Jose Maria Lumbreras eta Eneko Mitxelena Bidashop eta Denok BATeko kideak.
Irunera hurbiltzen diren kirol zale guztiei Irun “eskubaloiaren harrera lurraldea” erakusteko baliatu nahi du aukera hau Labordak. Gainera, Udalak CD Bidasoak izan dituen emaitza eta hobekuntzekin bat datorren azpiegitura bermatu duela azpimarratu du.
Alvarez foru diputatuak mota honetako ekitaldi handiek jendea kirolera erakartzeko duten indarra balioan jarri nahi izan du. Gipuzkoan “eskubaloiarekiko zaletasun handia” egon arren, “behar bada lehenago inoiz hurbildu ez den publiko berria hurbiltzeko aukera izango da”. Emakumezkoen Espainiako Kopa jokatu zenean halaxe gertatu zela baieztatu izan diote Bera Berako jokalariek, jende asko gertatu baitzen horren ondoren kirol elkartera.
Jarduerek aldaketak eragingo dituzte zirkulazioan, ekainaren 7an, larunbatean, Colon ibilbidea ibilgailuen zirkulaziorako itxiko baita, eta beraz, Irunbusek ere aldaketak izango ditu.
Eskubaloiaz harago, jardueraz jositako asteburua
Ekainaren 6an, ostiralean, hasiko dute asteburuko egitaraua. 12:00etatik 00:00ak arte eskubaloi zaleentzako topagunea antolatu dute San Juan plazan. Topagunea bukatzeko, Erenere DJaren emanaldia egongo da 22:30etik aurrera.
Eskubaloira jokatzeko eguna izango da larunbata, ekainaren 7a. Izan ere, Colon ibilbidea “pista erraldoi” bilakatu eta eskubaloian aritzeko lau zelai txiki jarriko dituzte. Lurraldeko eskubaloi eskolak gonbidatu dituzte lagunarteko partida mistoak egitera. Hortik gertu, Zabaltza plazan, gaztelu puzgarriak eta musika egongo dira. Larunbat arratsaldean San Juan plazara lekualdatuko dituzte puzgarriak, bertan jarraituko baitu topaguneak. Eguna Los Niños de Jesús musika taldearen emanaldiarekin itxiko dute, 22:30etik aurrera.
Hori nahikoa ez eta ostalaritza establezimenduetan ere nabarituko da eskubaloi giroa. Pintxo bereziak prestatuko dituzte, eta horien ibilbidea egiteko aukera izango dute datorren astetik aurrera gerturatzen direnek.
Giro horri ekarpena egin nahian, Urrezko Gola izozkia sortu du Yon Gallardo izozkigileak. Marakuia eta kakao naturalaren gantzarekin egindako proteina askoko izozkia da, banilla pixka batekin leundutakoa.
Tokiko merkataritza ere batu da saskibaloi ospakizunera, eta “erakusleiho apainketari buruzko ikastaroan landutako elementuekin” haien lokalen “erakusleihoak apainduko dituzte”.