Afrikaren Egunaren harira, Behar Bidasoa GKEak Ruandan egiten ari den lana ezagutarazi du
Ruandan bertakoen "aliatu" da Behar Bidasoa; "izan ere, Afrikak ez duela salbatzailerik behar uste dugu, aliatuak baizik".

Igande honetan Afrikaren Eguna ospatuko da, eta egun horri begira, bidasoaldeko Behar Bidasoa GKEak duela lau hamarkada baino gehiagoztik Ruandan egiten ari den lana nabarmendu nahi izan du. Irakurri 2023an HITZAk egindako erreportajea.
Finean, etxebizitza duinerako eskubidean, ura eskuratzean, ikasketetarako sarbidea eta emakume eta familia ahulenen bizi baldintzen hobekuntzan esku bat botatzen die Behar Bidasoak. Nola? Bada, bertako eragileekin batera lan eginez eta prozesu komunitarioetan lagunduz. “Izan ere, Afrikak ez duela salbatzailerik behar uste dugu, aliatuak baizik”, adierazi du GKEak.
Hortaz gain, Afrikaren Eguna “estereotipoak desegiteko, askotariko errealitateei aurpegia jartzeko eta errespetuan eta justizian oinarritutako lankidetza aldarrikatzeko” aukera bat ere badela gaineratu dute.
Behar Bidasoaren esku hartzea Ruandan
Behar Bidasoaren lan ildo nagusiak hiru dira: garapen ekonomikoa, iraunkortasuna, hezkuntza eta gizarte garapena eta oinarrizko azpiegiturak garatzea.
Garapen ekonomikoari dagokionean: nekazaritza eta abeltzaintza kooperatiba bat bultzatzea, arotzeriako eta soldadurako lantegi bat sortzea, eta etxebizitza eta azpiegitura komunitarioak eraiki eta mantentzeko zerbitzua eratzea.
Iraunkortasunari, hezkuntzari eta gizarte garapenari dagokionean: biogasa sortzea, eguzki-plakak instalatzea eta baso berritzea; emakumearen prestakuntza, asoziazionismoa eta rol komunitarioa indartzea; ama-eskola, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, lanbide-heziketa eta nekazaritzako gaikuntza sortzea; eta Kabugako kultur zentroa, eta kultura eta hezkuntza sustatzeko funtsezko guneak eratzea.
Azkenik, oinarrizko azpiegiturak garatzeari dagokionean: etxetxoak, zubiak, errepideak eta komun publikoak eraikitzea; edateko ura bildu, bideratu eta eskuratzeko sistema sortzea; merkatu bat, ikasleentzako egoitza bat eta osasun zentro bat eraikitzea; instalazioak, eskolako sukaldea eta jangela, kirol-zelaia eta irakasleentzako egoitza elektrifikatzea; eta ura edateko ekipamendu bat instalatzea.