Traineruen txanda iritsi da
Larunbatean hasiko dira 2025eko traineruen lehia ofizialak, Mutrikuko Banderarekin. Ekainaren 1ean, Orion, Gipuzkoako Txapelketa.

Neguko test estropaden ondoren, aurrerantzean traineruek egingo dituzten lehiek izaera ofiziala izango dute. Hala, asteburu honetan bertan sasoiko lehen bandera ofiziala izango da jokoan Mutrikun, eta gainera, astebete geroago (ekainaren 1ean) Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko da Orion (10:30ean hasita). Serio jartzeko aroa dute ontzi handiek.
Mutrikuko Udalaren XXIV. Bandera izango da jokoan hilaren 24an (larunbata). Gizonen traineruek soilik parte hartuko dute, 11:00etatik aurrera. Bertan Oarso Bidasoko lau traineru izango dira: Hondarribia, San Juan, San Pedro eta Hibaika. Lau txandatan banatu dituzte bertako lau ontziekin batera lehiatuko diren beste hamabi traineruak.
Lehen txandan, 11:00etan hasiko denean, Hibaika, Busturialdea, Arkote eta Larrun Kosta ariko dira. Bigarrenean San Pedro, Zarautz, Zumaia, eta Santurtzi. Hirugarrenean hasiko dira agertzen Eusko Label Ligako ontziak, txanda horretako zati izango direlako San Juan, Ondarroa, Isuntza eta Getaria. Azkenean Hondarribiak, Orio, Zierbenak eta Donostiarrak osatuko dute laukoa.
Trainerillak
Bukatzear da trainerillen sasoia. Gipuzkoako liga nahiz txapelketaren, eta Euskadiko Txapelketaren ondoren, asteburu honetan izango da jokoan Espainiako Trainerilla Txapelketa, Coruñako (Galizia) A Pobra do Caramiñal herrian. Sailkapen estropadak larunbatean (hilaren 24an) izango dira, eta finalak igandean.
Oarso Bidasoko trainerillei dagokienez, bi ontzi joango dira hara, biak San Juangoak: nesken nahiz mutilen Gazte Mailakoak dira.