Jaizkibelgo baso-bideak kontserbatzeko ordenantzari alegazioak aurkeztu dizkio Eguzkik
Kontserbazio helburuak lortzeko araudia "zorrotzagoa" izan beharko litzakeela uste du Eguzki talde ekologistak.

Jaizkibelgo pistak eta baso-bideak kontserbatzeko, ibilgailu motordunei buruzko ordenantzaren lehen onespenari argi berdea eman zion Hondarribiko Udalbatzak 2025eko martxoaren 27an. Hasierako onarpen horren ondoren alegazioak aurkezteko epea zabaldu zen, eta Eguzki talde ekologistak, “arautu nahi den erabilerak ingurumenean, naturan, flora eta basa-faunan ahalik eta eragin gutxien izateko helburuarekin”, zenbait aldaketa proposatu ditu.
Jaizkibel Natura 2000 sarearen parte da, eta beraz, Kontserbazio Bereziko Eremua izendatuta dago. Horrek esan nahi du, bertan dauden “Europako interes elementuek” kontserbazio neurri zehatzak dituztela.
Eguzki talde ekologistaren ustez, egun Jaizkibelek bizi duen “gizartearen presioa” natur gune hori kontserbatzeko “kaltegarria da” eta beraz, ordenantza tramitatzen hastea aurrerapausotzat jo dute. Hori bai, Kontserbazio Bereziko Eremuak markatutako kontserbazio helburuak lortzeko araudia “zorrotzagoa” izan beharko litzatekeela uste dute.
Hori dela eta, ingurumen aldetik babestuta dagoen eremua den heinean, Hondarribiko Udalak alegazio horiek “sakon” aztertzea espero dute talde ekologistako kideek.