All'Anticaren kontzertua, igandean
Ricardo Requejo ganbera musika zikloaren baitan antolatu dute kontzertua. Igandean, hilaren 25ean, Amaia KZn izango da.

Urteko lehen lauhilekoan bost kontzertuk osatzen dute urtez urte Ricardo Requejo ganbera kontzertuen zikloa. Irungo kontserbatorioko ikasleek haien lan eta aurrerapenak plazaratzeko aukera moduan sortu zen, eta geroztik beste ganbera talde batzuk batu baldin badira ere, irundar eta hondarribiarrak jartzen dituzte erdigunean oraindik.
Ganbera kontzertuen zikloko hurrengo hitzordura All’Antica taldea etorriko da. Grand Tour kontzertua emango dute, “musika eta, bereziki, antzinako musika ezagutarazteko eta gozatzeko bokazioarekin”. Laiene Alcala, sopranoa, Diego Parra, biolin barrokoa, David Saez, moko-flauta, Silvia Cantatore, viola da gamba, Teresa Merino, tiorba, eta Elvira Pujolek, klabeak, osatzen dute taldea.
Grand Tour osatzen duten herrialdeetako musika joko dute, hau da, Ingalaterra, Frantzia eta Italiakoa. “Diziplina anitzeko proposamen eszenikoa da, barroko ingeles, frantses eta italiarreko antzinako musika nahasten duena”.
Igandean, hilaren 25ean, 19:00etan izango da kontzertua. 5,50 euroan eskuratu daiteke sarrera Turismo Bulegoan, Amaia KZren webgunean, eta emanaldia baino ordubete lehenagotik leihatilan bertan.