Isuri Gutxiko Eremua finkatzeko lanetan ari da Irun
Zenbait irizpide kontuan hartuz Isuri Gutxiko Eremua zedarritzen ari dira Irunen. Bigarren fasea prestatzeko bilera irekia antolatu du Udalak, hilaren 28an.

Isuri Gutxiko Eremua definitzeko lanak aurrera doaz, eta horren berri eman dute Borja Olazabal, Garapen Jasangarriko ordezkari, eta Sergio Javierrek, Hiri Garapen eta Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak. Eremua progresiboki jarriko da martxan, eta bi fase izango ditu. Lehena, ordenantza onesten den unetik 2029ko abenduaren 31 artekoa; bigarrena, 2030eko urtarrilaren 1etik aurrerakoa. Proiektuak “hiriko airearen kalitatea hobetuko” eta “zarata murrizteko” helburua du, hala “garraio molde jasangarriagoak” sustatuz. Hala ere, ez da ingurumen etiketarik beharko eremu honetara sartzeko.
Eremua definitzeko hiriaren muga fisikoak erabili dira: trenbidea, Dunboako kanala eta GI-636, “kudeaketa sinplifikatzeaz gain, herritarrek errazago identifikatu eta ulertzeko”.
Hainbat irizpide kontuan hartu dira IGEa finkatzeko, besteak beste, “araudiak agindutakoak, teknikoak, ekonomikoak, bai eta ingurumenarekin eta gizartearekin lotutakoak ere”. Horretarako, 2024ko maiatzaren 9tik hilaren 8ra arte airearen kalitatea neurtu dute Colon pasealekuan, Iparralde hiribidean eta Gipuzkoa hiribidean; eta “beharrezko” ikusi dute eremu horretan neurriak hartzea, “eguneko muga-balioak gainditu” baititu.
Isuri Gutxiko Eremuaren bidez “ibilgailu pribatuaren erabilera murriztu” eta “espazio publikoa herritarrentzat berreskuratu” nahi dute. Kaleko “espazioa garraiobide jasangarriagoen alde berrorekatzeko” aukera ematen du neurriak. Izan ere, mugatutako eremuan 1.540 establezimendutik gora daude, eta egunero 10.000 eta 15.000 pertsona artean igarotzen dira oinez Colon pasealeku, Nafarroa hiribide eta Iparralde hiribidetik. Horrek ibilgailu pribatuen erabilera murrizteko beharra agerian uzten du, “airearen kalitatea hobetzeko eta herritarren osasuna babesteko”, Udalaren iritziz. Gainera, eremuaren barruko kale askotan “trafikoarekin lotutako bizitegi eremuetarako gomendatutako gehieneko zarata maila” gainditu egiten da.
Mugatutako eremuan irundarren %22,4a bizi da, hortaz, 14.000 herritar baino gehiagori eragingo die Isuri Gutxiko Eremuak.
Isuri Gutxiko Eremuaren bigarren fasea prestatzeko bilera
2030ean abiatuko da bigarren fasea, eta hori prestatzeko parte hartze prozesua jarri du martxan Irungo Udalak. Horretarako, IGEaren diseinuan egindako aurrerapenak azaltzearekin batera, kontsultak eta ekarpenak jasotzeko bilera antolatu dute hilaren 28rako, Palmera Montero gunean. Profesionalei, auzo elkarteei, herritarrei eta hiriko elkartuei zuzentzen zaie. Eremuaren perimetroa zehaztu ondoren, eremuaren “ordenantza definitzen hasi beharra dago, eta lan hori inplikatutako eragile guztiekin batera egingo da”.