BidaLan programaren laugarren edizioa martxan da
Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak lan munduan txertatzeko xedea du programak. Aurten hasi eta 2026 arte sei ibilbide berri eskainiko dituzte.

Irun eta Hondarribiko Udalek BidaLan programaren laugarren edizioa abiatu dute, Bidasoa Biziriken bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiko Elkar-Ekin Lanean estrategiaren baitan antolatzen da.
Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen lan aukerak hobetu nahi ditu programa honek, eta horretarako formakuntza ibilbidea eta laguntza pertsonalizatua uztartzen ditu. Lan mundura sartzeko profiletan jarriko dute arreta: “kualifikaziorik gabeko gazteak, 45 urtetik gorakoak, luzaroan langabezian daudenak edo laguntza ekonomikoak jasotzen dituztenak”.
Bidasoa Bizirikekin batera, Irungo La Salle, Mendibil Pedagogia Elkartea, Ijitoen Idazkaritza Fundazioa, Emaus Fundazioa, Bidasoa LHII eta Katea Legaia ari dira lankidetzan. 536.066,31 euroko aurrekontua du proiektuak, eta %85a Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-ekin Lanean estrategiaren barruan finantzatatuko da.
Eskualdean laneratzeko ibilbideak
Aurreko urteetan 246 pertsonek parte hartu dute BidaLan programan, eta horietatik 66k lortu dute lan kontratu bat geroztik. Estitxu Urtizbereak, Bidasoa Bizirikeko lehendakariordeak, emaitzek “eskualde mailako sare koordinatu batek enplegu inklusiboan duen eraginkortasuna erakusten duela” azpimarratu du.
Aurten ere, “sektore ekonomiko ezberdinetan atzemandako lan beharrei erantzuteko diseinatutako” ibilbide ugari prestatu dituzte. Aurreko urteetako edizioetan baino iraupen luzeagoa izango dute ibilbideek, “helburua kualifikazio profesional bat eskuratzea eta lan merkatuan sartzea erraztea” izanik.
Ibilbide berriak:
Joskintza – Mendibil Pedagogia Elkartea: 500 orduko formazioa + 80 orduko praktikak.
Merkataritza laguntzailea – Emaus Fundazio Soziala: 290 ordu + 40 orduko praktikak.
Supermerkatu polibalentea – Irungo La Salle: 332 ordu + 100 orduko praktikak.
Industry Aukera – Katea Legaia eta Bidasoa LHII: 495 ordu + 80 orduko praktikak.
Lorbide Bidasoa I eta II – Ijitoen Idazkaritza Fundazioa: 160 ordu + 80 orduko praktikak.
Sukaldaritza – Bidasoa aktiva: 730 orduko formazioa.