Asturiagako segadaren ikerketa herriari aurkeztuko diote
Javier Buces Aranzadi elkarteko antropologo eta memoria historikoan adituak eta Eneko Etxeberria abokatu eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak ondu dute ikerketa.

2024ko maiatzaren 20an 50 urte bete ziren Hondarribiko Asturiaga portuan Roke Xabier Mendez Villada Poeta eta Jose Luis Mondragon Elortza Moriko tiroz hil zituztela. Urtemuga baino bi egun lehenago, 1974 memoria taldeak deituta, oroimen ekitaldia burutu zuten Asturiaga portuan bertan.
Urte hartako abuztuan Hondarribiko Udalak eraildako bi biktimen senideei harrera egin zieten. Orduko hartan, Igor Enparan alkateak gertakaria 50 urtez “ahanzturan” egon zela adierazi zuen, erailketa horiek “Giza Eskubideak errespetatzen ez ziren diktadura baten testuinguruan” gertatu zirelako. Hori dela eta, 2023an, Udaleko Bizikidetza Mahaiak ikerketa bat zabaltzea eskatu zuela gogorarazi zuen.
Ikerketa abiatu eta bi urtera, egindako lana herritarrei aurkezteko unea heldu da. Bihar egingo dute aurkezpena, erailketaren 51. urteurrenean. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Kultur Etxeko areto nagusian. Azalpenak ikerketa lanean bete betean aritutako Javier Bucesek emango ditu. Javier Buces Aranzadi elkarteko antropologo eta memoria historikoan aditua da eta Eneko Etxeberria abokatu eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearekin batera ondu du lana.