Zestafesta, diseinuaren munduan erreferente
Hilaren 31n Zestafesta sormen eta diseinu festibalaren bigarren ekitaldia egingo da. Iazko formatu bera izango du: goizean tailerrak, eta arratsaldean hitzaldiak eta Topa! egingo dituzte.

Tailer eta hitzaldien bidez kreatibitatearen munduan lan egiten duten pertsonak saretzea, ezagutza zabaltzea eta lan aukera berriak sortzea helburu duen diseinu eta sormen ekitaldia da Zestafesta. Aurten bigarren edizioa antolatu dute Julia Lasa ilustratzaileak, eta Ane Garmendia eta Patri Taberna diseinatzaile grafikoek. Hilaren 31n izango da, 10:00etatik aurrera, Itsas Etxean.
Lehen edizioak aurreikuspen guztiak gainditu zituen iaz: tailer guztietan plazak bete, eta arratsaldean Euskal Herri osoko 400 pertsona baino gehiago elkartu ziren hitzaldietan. «Aurreko festibala oso positiboa izan zen. Lehen edizioa izan arren jendeak guk egindako lana asko baloratu zuela ikusi genuen», kontatu du Ane Garmendiak. Gainera, hirurek detektatutako hutsunea erreala zela ikusi zuten: «Konturatu gara halako ekitaldiak oso garrantzitsuak direla diseinuaren munduan. Beharrezkoa zen hutsune bat bete genuen, eta oso kontent gaude», adierazi du Julia Lasak. Jenderengandik jasotako goxotasunari, eta Hondarribiko Udaletik jasotako babesari esker, bigarren edizio bat antolatzera ausartu ziren.
Iaz izandako arrakastak, ordea, B alde bat ere baduela adierazi du Patri Taberna antolatzaileak: «Aurten presio pixka bat sentitu dugu. Iaz doako ekitaldia zen, baina aurten sarrerak erosi behar dira. Kostu sinbolikoa da, baina jendeak azken momenturako uzten du tiketak hartzea». Jaialdian parte hartzeko sarrerak zestafesta.com webgunean eskura daitezke.
Prestigio handiko hizlariak
Iazkoaren formatu berbera izango du aurtengo Zestafestak. Goizean, 10:00etatik 12:00etara, tailerrak egingo dituzte, eta arratsaldean, 16:30etik 19:00etara, hitzaldiak entzuteko aukera izango da. Ondoren, parte hartzaile guztiek harremanak estutzeko tartea izango dute, pintxo-pote baten aitzakian.
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo tailerrak diseinuaren munduan zentratuko dira. Thru animazio estudioak eta Elsa Yranzok emango dituzte. Lehenak animazio digitalaren inguruko tailerra eskainiko du. Profesionalei zuzendutakoa izango da, eta beraz, beharrezkoa izango da programazioaren gainean ezagutza minimo bat izatea. Bigarrena, berriz esperimentalagoa izango da eta hausnarketari tarte bat eskainiko diote. «Herri honetan gastronomiak garrantzi handia du, eta interesgarria iruditzen zitzaigun sormen kontzeptu hori ekartzea», azaldu du Lasak. Bertan parte hartzeko ez da aldez aurretiko ezagutza espezifikorik izan behar. Horregatik, diseinu arlotik at dauden herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte (tailer horretan sarrerak eskuragarri daude).
Hitzaldiei dagokienez, ekintzailetzan eta enpresen edo profesionalen atzean dagoen alderdi gizatiarrean jarri nahi izan dute fokua. Horretarako mundu mailan erreferente diren profesionalekin kontaktatu zuten, «egunerokotasunean hitz egitea ezinezkoa zaizun horiekin hitz egiteko aukera izateko»: Thru animazio estudioak, Casa Bienek eta Rocio Egiok eskainiko dituzte. Haietako bi Bartzelonatik datoz, hirugarrena Laussanetik (Suitza).
Rocio Egioren kasuan, marka propioa izateaz gain, ekintzailea ere bada. Hori dela eta, haren profila interesgarria iruditu zitzaien, jendeak bere burua identifikatuta ikusiko duelako, «baita sektoretik kanpokoek ere, kreatibitatea zentzu zabalean ulertzen baitu». Thru estudioak Nike, Netflix edo Fox bezalako markekin egiten du lan, eta estudio batek egiten duen lana ezagutaraztea izango du helburu. Azkenik, Casa Bien branding estudioak marken atzean dauden pertsonak zaintzen dituzten proiektuak lantzen ditu. «Horregatik deitzen da Casa Bien», nabarmendu du Tabernak. «Kontzienteki egiten dituzte gauzak, eta markei aldaketak egiten laguntzen diete, pertsonen onuran pentsatuz».
Prestigio handia duten enpresak izan arren, hasiera-hasieratik jaialdian parte hartzeko prestutasuna erakutsi zutela azaldu dute hirurek. «Salto hau ematerakoan beldurra izan genuen, gurea ekitaldi txikia delako», azaldu du Garmendiak. «Baina nire ustez familiartasun hori izan da erakarri dituena», osatu du Lasak.
Hitzaldiak bukatutakoan Topa!-ri ekingo diote. Une garrantzitsua izaten da hori, «sinergiak» sortzea ahalbidetzen baitu. 20:00etatik 22:00ak arte Kirol Kaiko Ostalaritza Elkarteak antolatu duen Kai Potearekin egingo dute bat. Elkartearen parte diren tabernetan pintxo-potea egongo da, eta Jessi Mary Chain DJak girotuko du Kirol Kaia. Gainera, Zestafesten parte hartzen dutenentzako sorpresa ugari izango direla aurreratu dute antolatzaileek.
Ekitaldian itsasoari presentzia emateko, lehen 100 sarrerak eskuratu dituztenek Kirol Kaira katamaran bidez heltzeko aukera izango dute. Gainontzekoek beren kabuz heldu beharko dute. Asmoa guztiak elkarrekin oinez joatea da. «10 minutu dira oinez. Herrian zehar kartelak jarriko ditugu inor galdu ez dadin», azaldu du Tabernak barrez.
Gipuzkoako lehen jaialdia
Iaz mugarri bat ezarri zuen Zestafesta jaialdiak; izan ere, diseinua eta sormena ardatz, kultura bisuala balioan jartzen duen Gipuzkoako lehen ekitaldia izan zen antolatu zutena, lurralde mailan erreferente bihurtuz.
Mugarri bat ezartzearekin gutxi ez, eta aurten EIDEk, hau da, Euskadiko eta Nafarroako diseinatzaile industrialak, grafikoak, espazioetakoak, zerbitzuetakoak eta estrategikoak biltzen dituen elkarteak ofizialki errekonozitu du Zestafesta, Gasteizen egiten den Baskerville ekitaldiaren eta Getxon egiten den Serifalaris egitasmoaren maila berean jarriz. «Eskualdeko hiru emakume elkartu izana eta egindako lana kontuan hartu izana izugarria da guretzat», esan du Lasak. «Eta guk, kalitatezko jaialdi bat antolatu izanaren errekonozimendua jaso dugu», gaineratu du Tabernak.
Aurtengo edizioa iazkoa bezain biribila izatea nahi dute. Informazio gehiago Instagramen (@zestafesta), eta info@zestafesta.com-en.