Hondarribian ere abiatu da Euskaraldia
Lagunez eta herriko ezagunez inguratuta hasi zuten Hondarribiarrek 2025ko Euskaraldia. Txapa jartze ekitaldiaren ondoren Mintzodromo ibiltaria egin zuten.

Urduri hartu zuen mikrofonoa Igor Arrieta Euskaraldiaren dinamizatzaileak atzo arratsaldean. “Hainbeste hilabete lanean, hau guztia aurrera ateratzeko, eta iritsi da. Segituan harrapatu gaitu!” esan zuen. Urduritasunak urduritasun, gogotsu agertu zen ariketa sozialari hasiera emateko.
Euskaraldiko irakurketa ofiziala irakurri zuen lehenik, eta ondoren, Garoa Lekuonari eman zion hitza. “Gaur hasten dugun 11 egunetako aldiak ez du amaierarik: erabileraren aroa ez da eta sekula amaitzen. Euskararen aldia egunez egun ekinez transmititzen da etorkizunera. Euskaraldia da pasioa eta abentura. Ahalegina eta poza. Grina, kemena eta erronka” egin zuen irakurketa.
Lekuonak gero, Hondarribian euskararen erabilera sustatzea helburu duen ariketa soziala beste modu batera egiten ahalegindu direla adierazi zuen. Motorrak berotzeko, azken hilabeteetan hamaika jarduera antolatu dituzte, eta horietan hausnarketak bultzatzen eta herritarrak saretzen ahalegindu dira, euskaraz hitz egiten dutenak elkarren arteko babesa sentitu dezaten.
Datozen hamaika egunetan, Euskaraokeaz gain, bestelako jarduera berezirik izango ez dela nabarmendu zuen, asteburu honetan Itsas Ondare topaketak eta datorrenean Hondarribia Dantzan egingo baitira. “Euskara itsasoarekin eta dantzarekin uztartzea bezain gauza hoberik ez dago” gehitu zuen.
Txapa jartze ekitaldia bukatzeko hamar ideia nagusi nabarmendu zituzten. Horiek herritarrek irakurri zituzten, “herritarrek eta herritarrentzako sortutako egitasmoa delako”. Txapa jartze herrikoia bukatzerakoan Mintzodromoari eman zioten hasiera.