Autobus flota osoa elektrifikatu du Irunek
Irungo L3 eta L4 lineetara autobus elektrikoak gehitu ditu Udalak, eta L5 linea ere erabat elektrikoa izango da. Irunbuseko erabiltzaile kopurua goraka doa, 2023tik 2024ra %6,77ko igoera izan zuen.

Cristina Laborda, Irungo alkatea, eta Sergio Javierrek, Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak, Irungo autobusen flota erabat elektrifikatu dutela jakinarazi dute. Izan ere, L3 eta L4 lineetan autobus elektrikoak gehituz, “emisiorik gabeko ibilgailu elektrikoekin funtzionatzen dute Irunbuseko linea guztiek”.
Hiru autobus elektriko berri jarri dituzte, hamabost eta hogei toki artekoak. 1.760.550 euroko kostua izan dute autobusek, eta kargatzeko sistemak, 174.240 eurokoa. 2018an hasi zuen hiriak autobusak elektrifikatzeko, eta beraz, “guztiz jasangarria den garraio eta mugikortasun eredu bat lortzeko” prozesua; 9.500.000 euroko inbertsioa egin dute ordutik. Europar Batasuneko Next Generation EU funtsak finantzatu du berrikuntza, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan.
“Mugikortasun iraunkorrean” urratsak egiten jarraitzeko asmoa du Udalak. Izan ere, L5 linea martxan jartzen den unetik beretik erabat elektrikoa izango da, eta Ficoban, Mendibilen, erdigunean eta Lapitzeko goiko aldean emango du zerbitzua. Gainera, uda aurretik L1 eta L2 lineen erreserba lanetarako Irizarren beste autobus bat erosiko du Udalak.
Autobusak azkar eta noiznahi kargatzeko bi gune daude gaur egun Irunen, poliki eta gauez kargatzekoa, ordea, bakarra. Horregatik, Ficoban jartzeko laugarren kargatzeko sistema bat erosi dute, hiru autobus kargatzeko aukera emango duena.
Gorakadan doa Irunbusen erabiltzaile kopurua, 2023tik 2024ra %6,77ra igo baita. Bi milioiren langa gainditurik, 2.067.164 erabiltzaile izan ziren iaz.
Autobus digitalizatu eta modernizatuak
Ekipamendu berrituarekin jarri dira martxan Irunbus berriak, 450.000 euroko kostukoa. “Ticketing sistema berritzailea”, “informazio dinamikoa emateko panel batzuk”, eta abiarazi dituzten beste “modernizazio proiektuen” bidez “garraio publikoa irisgarriago” eta “efizientzia hobekoa” egingo dutela aurreikusten dute. Besteak beste, berrikuntza hauek gehituko dizkiete autobusei: “bideozaintza kamerak, autobusen segurtasuna handitzeko; beldur egoeretarako eta larrialdietarako botoia; ticketing sistema; itsuentzako megafonia sistema; interneteko konexioa (wifia); informazio panelak geltoki estrategikoetan, erabiltzaileei zerbitzuaren inguruko datuak emateko denbora errealean; eta azpiegitura teknologia garajeetan”.