Irundarrak gaur hasiko dira hizkuntza ohiturak astintzen
Irekiera ekitaldia Zabaltza plazan izango da gaur 18:00etan. Artian, berriz, larunbatean (hilak 17) ekimen herrikoia egingo dute auzoan bertan.

Gaur hasiko da Euskaraldia eta Irunen ariketa honek euskararen erabileraren ohituretan eragiteko arrastoa uztea garrantzitsua izan daiteke. Izan ere, Irungo euskararen erabilera “ez da ona” eta hala adierazi zuen Euskaraldiaren aurkezpenean Josu Igiñiz Euskara ordezkariak. Euskarak “olio eta zainketa” behar ditu hirian eta horretarako hainbat dira hiriko eragileak lanean aritu direnak aurtengo Euskaraldia nabaritu dadin hirian.
Herriko eragileak inplikatzearen beharra nabarmendu du Igiñiz ordezkariak eta auzoetatik prestatu behar dela ekimen hau ere azaldu du. Eskerrak eman dizkie parte hartu duten eragileei “ezinbesteko bidelagunak” izan baitira. Euskara zerbitzuko lan taldeari ere esker mezuak eman dizkio.
Irekiera eta itxiera
Irekiera ekitaldia gaur egingo da Zabaltza plazan, 19:00etan. Itxiera, berriz, maiatzaren 25ean izango da toki eta ordu berean. Egun horretarako programazio konkretu bat prestatu dute.
Erromeria bat joko dute Auntxa trikiti eskolakoek; Erdialdeko auzo elkartekoek mutxikoak dantzatuko dituzte haien lokalaren plazatxoan, eta ondoren, kalejiran joango dira Zabaltza plazara. Bertsolariak ere oholtza hartuko dute, eta dantzarako aukera ere egongo da Pauso-K-rekin.
Itxiera ekitaldia maiatzaren 25ean izango da eta Jeiki Hadi taldeak mutxikoak dantzatzen jarriko ditu herritarrak. San Juan plazan izango da ekitaldi hau, 12:00etan. Arratsaldean, berriz, Zabaltza plazan izango da festa eta euskal berbena egingo da Skola Music-ekin Hitzordu hau 18:00etan finkatu dute.
Egitaraua osorik irakurtzeko, jo lotura honetara.
Artiako Euskaraldia
Otsailean ekin zion Artiako auzo elkarteak Euskaraldia antolatzeari eta dagoeneko prest dute egitaraua. Ekimen herrikoia dela azaldu du Artiako Euskaraldiko talde motorraren parte den Enara Iruretagoienak.
Maiatzaren 17an ospatuko dute egun handia, Abadiako Antoine plazan baina eguraldia kaskartuz gero, auzo elkartean izango dira ekitaldi guztiak (Pio Baroja kalea, 30-32). Goizetik eguerdira iraungo du festak, eta 11:00etan, globoflexia tailerra egingo da eta aurpegiak pintatzeko aukera ere egongo da.
Ondoren, kalejira egingo dute auzoan zehar, 12:00etan abiatuta. Auzo elkartean bukatuko dute eta bertan 13:00etan Maite franco ipuin kontalaria arituko da kontaketa lanetan. Jarraian, antolatzaileak musika jartzen arituko dira, eta azkenik, mokadua jateko aukera egongo da paella herrikoiari esker. Ez da izenik eman behar.