Mendeluko berrikuntza faltagatik kezka du PSE-EEk
HAPOari alegazioak ezarri dizkio Hondarribiko PSE-EEk, "Mendelu auzoan jarduera eza salatzeko". Auzoa kaltetua egon arren, udal gobernuak alde batera utzia duela nabari du alderdiak.

Eusko Jaurlaritzak 2011n egindako azterketan “oso kalteberatasun maila handiko” auzotzat definitu zuen Mendelu, eta arazo horiek jasota ditu Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO): “uholde arriskua eta drainatze arazoak, errepidearen pasabide inpaktua, Zubi Musu errekaren narriadura eta kutsadura, trafikoaren edo eraikinen narriadura eta kalitate eskasa”.
Horregatik, alegazioak aurkeztu dizkio Hondarribiko PSE-EEk HAPOari. Izan ere, HAPOk “hiria berroneratzeko eta berrikuntzako estrategiak definitzeko” Plan Berezia jaso baldin bazuen ere, plana egiteko epe zehatzik ez dagoela finkatua jakinarazi dute sozialistek, “Plan Berezi hori egiteko 18 hilabete ezartzeaz gain”. HAPOa gauzatzeko epe zehatzak finkatzeko, “udal laguntza publikoen eta osagarrien inbertsioak birgaitzeko eta planak erreserbatzeko” eskakizuna egin du Udal Talde Sozialistak.
Abotsanitz eta udal gobernuaren jarrera salatu dute. “Udalerri osoan arreta publikoaren beharrik handiena duen eremua” dela iruditzen zaie sozialistei, baina, “Abotsanitzeko gobernuaren politika publikoen ahazturik handiena izaten jarraitzen du”. Udal gobernuak Mendelu alde batera utzi izanak “eraikinen degradazioa bizkortu” duela deitoratzen dute.
Udalak auzoko egoera onartzen badu ere, sozialistek ez dute ikusten konpromisorik hartzen duenik: “dena promesa formaletan geratzen da, ekiteko benetako borondaterik gabe; izan ere, benetan nahi balute, egingo zuketen”.