Artiako ezkien "suntsiketa progresiboa" salatu du Artiako Lagunak taldeak
Beste bost ezki mozteko asmoa duela udalak salatu dute eta esku hartze hau zuhaitzen ilaren "ahultze" eta "suntsitze planifikatu" baten parte dela uste du taldeak. Mozketa hauek bost hilabetez ezkutatu izana leporatu diote udalari.

Dario de Regoyos eta Juan Thalamas Labandibar kaleetako ezkien “suntsiketa progresiboa” salatu du Artiako Lagunak taldeak. Izan ere, pasa den asteko abenduan talde berak salatu zuen haize boladengatik eroritako ezki baten ondoren, beste lau ezki moztea erabaki zuela udalak baina erabaki hori saihetsi zitekeela adierazi zuten. Oraingoan egindako salaketa bide horretatik doa eta ohartarazi dute beste bost ezki mozteko aurreikuspena duela Irungo Udalak.
Txosten batean oinarritu dira aurreikuspen hau egiteko; Tecnigral enpresak egindako azterlanean, hain zuzen. Tecnigral Sevillan (Espainia) eta hainbat hiritan “mozketa masiboak” babestu dituen enpresa dela deitoratu dute eta enpresak Artian bost ezki moztu nahi izatea “ilararen ahultze eta suntsitze planifikatua” dela uste dute.
Izan ere, lerrokatuta dauden ezki horiek “egitura bakar gisa” funtzionatzen dutela azaldu du Artiako Lagunak taldeak eta ale batzuk kenduta haien arteko oreka hautsi egiten dela. Ondorioz, gainerako zuhaitzak arriskuan egongo zirela uste dute eta erorketa berriak erraztu egingo direla. Ezki horietako gehienek “bizitasun ertain altua eta berreskuratzeko gaitasuna dute”, Tecnigralek egindako txostenaren arabera.
Irregulartasunak
Txostenean “irregulartasun larriak” daudela salatu du Artiako taldeak eta azaldu dute txostena “hilabetez ezkutuan” eduki dutela Irungo Udaleko teknikariek eta zinegotziak eta bost ezkien mozketa egiteko astea iritsi behar zenean egin dutela publiko uste dute. Artiako Lagunak salatu du bost hilabete baino gehiagoz aritu direla txosten hura eskatzen, bide formaletatik. Bestalde, azaroko haizeteagatik justifikatutako eta moztutako zuhaitzak oraindik ez dituztela ordezkatu gogoratu dute.
Udalari egotzi diote mozio bat urratu izana zeinetan Tecnatura taldeak egin beharreko jarraipen txostenak Doctor Arbolen gainbegiratzearekin egin behar zituen. Ardura osorik Tecnigral enpresari ematearen atzean, enpresak zuhaitz mozketak justifikatzeko jarrera dagoela iritzi dute. Hala justifikatu izan dituelako zuhaitzen mozketak erabaki hori kritikatu duten kolektibo eta adituen aurrean
Aipaturiko txostenaren arabera, Juan Thalamas kaleko aldapa osoa kontutan hartu da eta “adierazle argiak” topatu dituzten esateko udalaren eta enpresaren azken helburua zuhaitzen “desagerpena” dela eta hiri bide honetan “hirugarren errei” bat eraiki nahi dutela.
Hirugarren erreiaren esku hartzea “kontserbazio alternatibarik gabe” egin nahi dutela uste du Artiako Lagunak taldeak, eta horrez gain, aurreko txostenek proposatutako “irtenbide arinagoak” guztiz baztertzea aurreikusi dutela deitoratu dute, hala nola, adarrak gutxitzea, lurzorua hobetzea, berrikuspen periodikoak eta Donostian erabiltzen ari diren euskailu sistemak, besteak beste.
Berriro ere gogoratu dute Artiako ezkiek ez dutela soilik balio sinbolikoa edota ingurumenarekin lotutako balio kalkulaezina; GI-636 errepideko trafikoak sortzen duen “zarata” eta “kutsaduraren aurkako babes horma” direla defendatu dute. “Haren desagerpenak auzorako galera larria eta Irungo ondare berdearen aurkako eraso zuzena ekarriko luke”, ohartarazi dute.
Lau eskaera
Lau eskaera egin dizkio taldeak Irungo Udalari. Batetik, ezkutuan egotea egotzitako txosten guztiak eta haien eranskinak “berehala” argitaratzea. Bigarrenik, galdu diren ezkiak “premiaz” ordezkatzea. Hirugarrenik, udalbatzaren akordioak “zorrotz” betetzea. Azkenik, zuhaitzen kudeaketa “garden” eta “kontserbazioan oinarrituta egitea, eta ez suntsiketan. “Ez ditzagun gehiago suntsitu gure osasun eta auzoak babesten dituzten zuhaitzak!”, bukatu dute.