Artiako ezkiak mozteko arrazoien berri eman du Irungo Udalak
Zuhaitz horien egoera "sakon aztertu" dutela azaldu du udalak eta zuhaitzetako bakoitza mozteko arrazoi ezberdinak eman dituzte. Hilaren 13tik 15era moztuko dituzte, GI-636 errepidea moztuz.

Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos kaleen artean dauden bost ezki moztuko dituela iragarri du Irungo Udalak. Erabaki hori hartzeko, bi kale hauen arteko ezpondako belardi naturalean dauden 26 ezkietako hemeretziren egoera “sakon aztertu” dutela azaldu du udalak. Horretarako, azterlan biomekaniko eta fitopatologikoak egin dituzte, baita arrisku ebaluazioak ere, eta ondorioztatu dute bost ezkiz “akats larriak” dituztela.
Bost ezki horiek mozteko arrazoiak zeintzuk diren azaldu dituzte. Hona hemen hitzez hitz: “batek lepoa lurpean dauka eta hazkundea geldituta; beste batek arrakala ireki bat dauka; beste bat okertuta dago; beste bat ezengonkor dago eta azkenak egur ustela eta narriatua dauka oinarrian”. Mozketak hilaren 13tik 15era egingo dituzte 09:15etik 15:45etara.
Horrenbestez, bost zuhaitzak guztiz erretiratzeko erabakia hartu du udalak eta aurreratu dute datorren landaketa sasoian beste batzuk landatuko dituztela. Artiako Lagunak, baina, udalari leporatu dio landaketen bueltako hitza ez betetzea.
Errepide mozketa
Zuhaitz horiek hilaren 13tik 14era bitarteko goizean moztuko dituzte, 09:15etik 15:45etara eta lan horiek iraun bitartean GI-636 errepidea moztu egingo dute, Osinbiribil eta Behobiako biribilgunearen artean. Bien bitartean, bide alternatibo batzuk hartzea proposatu du udalak:
- Nafarroa alderantz edota Behobia alderantz joateko Artiga ibilbidetik igarotzea proposatu dute, baita ere Dario de Regoyos kalea erabiltzea.
- Donostiarako noranzkoa hartzeko, Behobian bertan AP-8 errepidea hartzea gomendatu dute. Bestela, Behobiatik Hendaiara igarotzea eta behin Hendaia gurutzatuta, GI-636 errepidera berriro itzultzea Santiagoko zubitik igarota. Azkenik, Blaiako hilerrira igotzeko alternatiba proposatu du udalak eta bertatik Zaisa III poligonoetara iristea, eta gero Juan Wollmerrera jaistea Osinbiribilera iristeko.
Irunbus
Irunbusen zerbitzuan ere eragina izango du errepide mozketak, L1 linean, hain zuzen eta 09:15etatik 15:45etara. Bide horretan, irteerak 30 minututik behin egingo dira 09:15etatik aurrera eta 15:15ak arte. Dunboako anbulatoriora iritsiko da autobusa eta bertan autobus aldaketa egin beharko dute erabiltzaileek ospitalera joateko. Autobus hau 20 minututik behin aterako da 09:00etatik 15:40etara bitartean.
Ospitaletik ere 20 minututik behin abiatuko dira autobusak Dunboako anbulatoriora eta ordutegia honako hau izango da: 09:30etatik 15.50etara, 009:15etako lehenengo irteera izan ezik.