«Espainiako Auzitegi Nazionalak torturen aitortza egitea oso inportantea eta historikoa da»
Iratxe Sorzabali egozten zitzaion autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" dela ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Iratxeren Lagunak taldeak berria "oso pozik" jaso du.

Lehen aldiz historian, Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal herritar batek polizien esku izan bitartean bizitako “tratu bidegabea” aitortu du. Iratxe Sorzabal Diez euskal preso irundarraren kasuan izan da eta azken urte eta hilabeteetan bizitako epaiketetako hiru epaileek aho batez onartutako aitortza da.
Absoluzioa eman diote Iratxe Sorzabali. Nola jaso du berria Iratxeren Lagunak taldeak?
Oso pozik gaude. Praktikoki momentuan seguruenik ez du eraginik izango, edo agian bai, baina ez dugu uste. Dena den, Espainiako Auzitegi Nazionalak torturen aitortza egitea oso inportantea eta historikoa da. Hala ere, guk oso argi genuen Iratxe torturatua izan zela, eta ez genuen Auzitegi Nazionalaren babesa behar jakiteko hori horrela zela. Baina, beno, egia esan oso pozik gaude sententzia honekin.
Sententzian jaso dute “tratu bidegabea” eman zitzaiola. ‘Tortura’ hitza agertu arte, bidea egiteke dago?
Tortura hitza ez dute erabili, baina sententzia irakurri dut, eta bertan jaso dute elektrodoek eragindako tratu bidegabea, tratu txarrak jaso dituela. Hori idatzita dago. Tortura hitza ez da zehazki agertzen, baina bai tratu txarrak eta elektrodoak, eta beraz, frogatutzat ematen da hori. Gainera, aipatu berri dudan hau hiru epaileek aho batez sinatu dute. Ez dago gaizki.
Historikoa dela esan duzu. Euroagindua eskatuta dio Espainiak Frantziari; Frantziak ukatu egin du, eta txosten bat eskatu du Sorzabalek atxiloaldian izandako tratua dela-eta. Zer berri honi buruz?
Ez dugu berri gehiagorik. Frantziak informazio gehigarria eskatu du bere torturaren salaketak zein ibilbide izan zuen jakiteko; hori da espresuki egindako galdera. Frogatzat erabili nahi izan den gutunaz gain, ea beste frogarik badagoen ere galdetu diote Espainiari. Sententzia hau suposatzen dut aurkeztuko dutela Frantziako auzitegian, Espainiak gehituko duen materialarekin batera. Dokumentu horietan argi agertuko da torturatua izan dela, eta haren kontrako froga bakarra torturapean ateratako autoinkulpazioa dela. Horrekin itxaropentsu naiz, eta baliteke bide hori ixtea, eta Euroagindu gehiago ez onartzea. Beraz, froga gehiago atera ezean Iratxek ez ditu epaiketa gehiago jasango, eta momentuz 24 urteko zigorrarekin geratuko da. Zigor honekiko errekurtsoa aurkeztu dugu Europan, eta bertan helegitea aztertzen dutenean sententzia hauek agertuko dira. Baliteke hemendik urte batzuetara aldeko sententzia ateratzea, baina berandu. Bidea ireki da, argi izpi bat ikusi dugu.
‘Jasan’ hitza erabili duzu epaiketei erreferentzian. Izan ere, Iratxerentzat bizitako torturak berriro azaltzea psikologikoki gogorra izan da.
Iratxe birbiktimizatu egin dute torturak berriro gogorarazi beharragatik, pasarte horiek berriro oroitu beharragatik. Modu arrotzean izan da gainera, galdeketei erantzuten… Oso gogorra izan da, baina balio izan du esfortzu hori egiteak. Espero dezagun epaiketa gehiago ez izatea Iratxek. Ez zen seinale txarra izango.
Oraindik ez da auzia bukatu. Iratxeren Lagunak taldeak ondoan jarraituko du?
Noski. Iratxerekin egongo gara, eta torturatuak izan diren guztiekin. Espetxean dauden preso guztiekin bat egingo dugu gure modu txikian, eta hortxe egongo gara. Iratxek eta bere familiak badakite hementxe gaudela, eta hortxe jarraituko dugula.