Albiste hau BERRIAtik jasotakoa da.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak absoluzioa agindu du Iratxe Sorzabalentzat, 1995ean, Irunen lehergailu bat jarri izanaren akusazioaren harira. Absoluzioa bakarrik ez, Espainiako justiziak aitortu du bere epaian, akusatuak «tratu gizagabeak» jaso zituela «bere atxiloketaldian, 2001eko martxoan», Guardia Zibilaren esku. Sorzabalek Irungo ekintzan parte hartu zuela idatzi zuen, eta epaiak jaso du idatzi hori «zuzenbideari begira baliogabea» dela, «akusatuaren oinarrizko eskubideak urratuta lortu zelako (elektrodoak aplikatuta)». Sorzabalen atxiloaldian gertatu ziren tortura horiek, eta Auzitegi Nazionalak dio «horien helburua» zela «esan bezala idatz zezala bere deklarazioa». Halaber, epaiak erantsi du «akusatuaren aldeko errugabetasuna hausteko bestelako probarik ez» dagoela. Hori dela eta, Sorzabalen absoluzioa ebatzi du.
Era berean, Auzitegi Nazionaleko epaiak azpimarratzen du akusatuak ez zuela berretsi bere autoinkulpazioa epaiketan, eta torturapean egin zituela jakinarazi zuela. Gainera, jaso dute 1995eko akusazio horri lotutako prozesu judiziala zabaldu zutela Sorzabalen idatzia aurkitu zenean. Epaiak dio Sorzabalen atxiloketa gertatu eta egun batzuetara azaldu zela erruduntasun aitorpena, eta hark egindako «deklarazioa bezala, baliogabea» dela, «zeharka bada ere». Eta ondorio bat ateratzen dute: «Deklarazioa egon izan ez balitz ez zen izango erruduntasun idatzia».