Artea eta Euskara lotzen dituen erakusketa zabalduko dute
Gaur arratsaldean egingo dute aurkezpen ofiziala. Ekainaren 27ra arte izango da ikusgai Madalen Arte Garaikideko gunean.

Artearen bidez euskararen erabilera sustatzeko erakusketa zabalduko dute gaur arratsaldean [19:00etan izango da aurkezpen ofiziala, Madalen Arte Garaikideko gunean].
Erakusketa kolektiboa da antolatu dutena, diziplina anitzeko diseinatzaile, sortzaile, argazkilari eta marrazkilarien artean osatutakoa. Izenburuak dioen bezala: Artea eta Euskara, lan guztiek artearen eta hizkuntzaren arteko lotura helaraziko dute, euskaraz hausnartzeko aukera emanez.
Antolatzaileek euskararen eta artearen arteko lotura erdigunean jartzearen garrantzia nabarmendu dute; “Izan ere, gaur egungo euskal artistek beren lanak euskaraz aurkeztea ez da soilik hautu estetiko edo komunikatibo bat, baizik eta euskararen presentzia kultur arloan sendotzeko ekintza zuzena”.
Antolatzaileen iritziz, arteak ideiak, sentimenduak eta gizartearen errealitateak transmititzen ditu, eta horiek guztiak euskaraz adierazteak hizkuntzari “bizitasuna” ematen dio, eremu orotan euskarari eguneroko erabilera emanez.
Egile orok haren sormen ikuspegia askatasunez plazaratu duela gaineratu dute antolatzaileek. Hori dela eta, bertaratzen direnek teknika ezberdinekin sortutako artelanak aurkituko dituzte.
Honakoak gainera, herrian dagoen aberastasuna nabarmentzen duela adierazi dute, belaunaldi berrien erreferente bihurtuz: “Herriko komunitatearentzat euskaraz egindako artelanek bertako identitatea sendotzen dute, belaunaldi berriei erreferenteak eskaintzen dizkie, eta euskal kulturaren transmisioa bermatzen laguntzen dute”.
Aukeratutako artistak eta artelanak
- Aiert Alonso: Lekittoko serkia (Atezuan)
- Aida Jorda: Onyarbiko hitzak
- Andoni Gallego: Hondarribiko paisai lainotsua
- Maider Goikoetxea: Berpiztu 2021-2025
- Miriam Loidi: Artilea
- Naiara Goikoetxea: Zeruko sinfonia
- Eneko Sagarzazu: Txapelmon
- Aitzol Goikoetxea: Inork ez zidan esan…
- Julen Goikoetxea: Amahitz unibertsala
- Saioa Ayala: Itsasoa gara
- Julia Lasa: Euskera
- Lupe Amunarriz: Udaberriko sustraiak
- Joseba Olaskoaga: Ama
- Maximiliam Pelzmann: Soinuaren armonia