Oiasso Museoan, bisitarien errekorra Aste Santuan
2019ko bisitarien errekorra bikoiztu du hiriko museoak. Horren arrazoia terma berriak ireki direla izan da.

Dei efektua izan du Oiasso Museoaren azken berritasunak. Zabaldu diren termek jakin-min handia eragin dute. Hori azaltzeko datuak erabili ditu Irungo Udalak, Aste Santuko eta Pazko Asteko egunei dagozkienak: apirilaren 17 eta 27 bitartean 1.542 bisitarik gozatu zuten kultur eta historia azpiegiturak eskainitakoekin; bisitarien errekorra 2019koa zuen museoak, orduko hartan 819 bisitari izan ziren han. Beraz, orduko bisitariak bikoiztu, eta iazkoak ia hirukoiztu dira. Beste datu bat: aurtengo bisitarietatik hirutik bat irundarra izan da; osotara, %56 izan dira lurraldeko bisitariak, eta Espainiako Estatutik etorritakoen emaria %30koa izan da.
Baikor baloratu ditu datu horiek Nuria Alzaga Kultura ordezkariak. “Emaitzak bikainak izan dira, eta begien bistakoa da Oiasso Museoak hazten jarraitzen duela modu geldiezin batean. Termak gure museoaren altxorra dira, eta hauek, hiriko erakargarri bat izateaz gain, museoa lurraldeko erromatar historiaren erreferente bat bezala kokatzen du. Gaur, museoak Irun helbide turistiko erakargarri bezala kokatzen du, lehenengo mailako ondare historiko eta kultural batekin”, esan du.
Aste Santuko egunetan bisita gidatuek arrakasta berezia izan dute, horien %60tan plaza guztiak agortu zirelako, eta guztietan %75etik gorako partaidetza izan zelako