"Euskal Herri langilearen batasuna" aldarrikatu du Jardunek, Irun eta Hendaia arteko mugan
Maiatzaren Lehenaren harira protesta egin du Jardun Koordinakundeak Irun eta Hendaia arteko mugan, "Espainia eta Frantziako estatuek Euskal herri langileari inposatutako mugak eta banaketak" salatzeko.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugako errepidea moztu du gaur goizean Jardun Koordinadorak Maiatzaren Lehenaren harira. Ez duela protesta egiteko lekua ausaz aukeratu azaldu du komunikabideetara helarazitako prentsa oharrean, Irun eta Hendaia arteko zubia, Frantzia eta Espainiako estatuek Euskal Herriaren aurka baliatzen duten elementua dela salatu baitute: “Mugak eta banaketa. Hori da Frantziako eta Espainiako estatuek Euskal Herri langileari inposatzen diotena eta Irun eta Hendaia arteko zubi honek ezin hobeto irudikatzen du bi estatuek mugak inposatzeko eta banaketak hauspotzeko duten grina”.
Espainiak eta Frantziak eraikitako Irun eta Hendaia arteko muga “artifiziala” izanagatik ere euskaldunen artean nazio gisa “arrakalak” sortzen ditu koordinadoraren usterako, eta Euskal Herri bateratua “egikaritzea ekiditea” egotzi dio, “banaketatik arrakalak sortu eta Euskal Herriaren nazio izaera ukatzea zein nazio kontzientzia deuseztatzea du xede Euskal Herria jazarri eta okupatzen duten bi estatuek eraikitako muga horrek”.
Testuinguru horretan, migranteen eskulanari erreferentzia egin dio Jardunek. Mugek funtzio berezia betetzen dutela arlo horretan sinistuta azaldu da, etorkinen eskulana “biolentatu eta diziplinatzeko” mekanismoak baitira koordinadoraren esanetan: “Bertakoen eta kanpokoen arteko bereizketa sortuta Euskal Herri langilearen batasuna ekidin eta burgesiaren mesedepeko erreakzioa elikatzen laguntzen dute”.
Donbass, Palestina eta munduko beste hainbat herrialderi ere aipamena gaurko protestan, “Europako Batasunak eta horren parte diren Frantzia eta Espainiak gerra eta gatazka sustatzen dituzte, dominazio harreman inperialista horiek baitira kapitalak erabiltzen duen formula bizi duen krisi ekonomikoari aurre egiteko: Periferiako herrialdeen gainesplotazioa, zentro inperialistako herrialdeetako bizi maila mantentzeko”. Bide horretan, langileriaren “estraturik zaurgarriena” jomugan jartzea egotzi dio kapitalari, “baldintzarik okerrenak dituzten eta inork nahi ez dituen lanpostuak betetzen dituzten horiek, Euskal Herri langile osoaren baldintzak kaskartzeko tresna gisa baliatzen dituzten bitartean, lana lapurtu eta lan indarraren balioa merkatzen dutenen mamua astinduta, arrazakeria eta xenofobiari bide ematen diote”.
Gaurko protestaren bidez “etsaiaren banaketaren” sinbolo diren mugen aurrean “Euskal Herri langilearen” batasuna aldarrikatu nahi izan duela erantsi du Jardun koordinadorak, “estatu zapaltzaileen mugez gaindi, Euskal herriko langileon jatorriaz gaindi, Iparralde zein Hegoalde, bertako zein etorkin, Euskal Herrian bere lan indarra saltzera kondenatuta dagoen oro baita Euskal Herri langilearen parte”. Horiek guztiak borrokatzea, “Euskal Herri langileari” dagokiola esanda, langileen batasunerako deia egin du.
Jardun Koordinadorak gaurko protestan egindako irakurketa hitzez hitz irakurtzeko, klik hemen.