Asteburuan, txakurren festa handia Ficoban
Nazioarteko, Gipuzkoako eta estatuko txakurren lehiaketak jasoko ditu larunbat eta igandean erakustazokak. 1.385 txakur espero dituzte.

Txakurrena, eta nola ez, haien jabeena izango da Ficoba asteburuan. Nazioarteko 43. Erakusketa, Gipuzkoako 49. Erakusketa, eta aldi berean Espainiako 50. Erakusketa jasoko ditu Irungo erakustazokak larunbata eta igandean bitartean. Gipuzkoako Txakur Elkarteak antolatu du larunbat eta igandeko lau hankako animalien festa, Ficobaren laguntzarekin. “Ekitaldi hau, edertasun eta estandar erreferentzia bat izateaz gainera, familia osoa elkarrekin egoteko, ikasteko eta gozatzeko gunea da, txakurra protagonista izanik”, esan dute txakurren elkarteko ordezkariek.
Txakur elkarteko kideek datuak eman dituzte. Erakusketari dagokionez, 1.385 txakurrek parte hartuko dutea adierazi dute, horietatik erdiak Frantziako Estatutik iritsiko direnak elkartekideen arabera. Berritasunik ere badu jarduerak, egun bakarrekoa izatetik, bikoa izatera igaro baita: hilaren 26an (larunbata) eta 27an jasoko ditu Ficobak ehunka txakur horiek. Lehiaketak “goi mailakoak” izango direla ziurtatu dute antolatzaileek, eta epaile talde prestigiotsua lotu dutela txakurren izaera, itxura eta bestelakoak neurtzeko. Sariak ere asko izango dira, eta arraza bakoitzeko onenari emango dizkiote. Ondoren, arraza guztietako irabazleekin final nagusiak egingo dira.
Bada beste berritasun bat: bai larunbatean zein igandean polizia txakurren erakustaldiak izango dira.
Erakusketaz aparte, txakurren munduari lotutako salgaiekin postuak jarriko direla azaldu dute Gipuzkoako Txakur Elkartetik. Gainera jateko eta tragoska hartzeko guneak ere jasoko ditu erakustazokak.
Larunbat nahiz igandeko sarrera orokorraren prezioa 5 eurokoa izango da; 10 urtetik beherakoena 3 eurokoa. Oharra helarazi dute antolatzaileek: “Gipuzkoako Foru Aldundiaren legediarekin bat etorriz, lehiaketetan parte hartuko ez duten txakurrak ezingo dira sartu erakustazokan, eta ezingo da txakurrik saldu”.
Honakoa da larunbat eta iganderako hitzordu zehatzen ordutegia:
- 09:30. Ficobako ateak irekiko dituzte.
- 11:30-13:30. Erakustaldiak.
- 13:30. Aurkezle gazteen sariketa
- 16:00. Taldetako finalak, eta final nagusia.