Irunen, Hikaldia
Toka eta noka hitz egiteko ikastaroa, eta Hikodromoa antolatu ditu Irungo AEK-k maiatzerako.

Euskaraldiaren barruan, Hikaldiarekin bat egiteko aukera dago. Hika hitz egitekoa alegia, toka eta noka. Hizkuntza ohituretan eragiteko iniziatiba kolektibo erraldoia da Euskaraldia, maiatzaren 15etik 25era egingo dena; ohitura aldaketen artean, hika hitz egitea ere egon daiteke, zergatik ez. Bada, horri begira, ikastaroa eta Hikodromoa antolatu ditu Irungo AEK-k.
Hika ikastarorako hiru egun atondu dituzte AEK-ko kideek, maiatzaren 7koa, 14koa eta 21ekoa, denak asteazkenak: 18:00etatik 20:00etara jasoko du ikastaroa euskaltegiak. “Hiru saio hauen bidez parte hartzailek hikaren oinarriak ezagutuko dituzte, ahozkotasunean trebatuz eta erabilera sustatuz”, zehaztu dute AEK-koek.
Ikastaroan ikasitakoak, maiatzaren 21ko Hikodromora eramango dituzte ikastaroan izan direnek, nahiz hala nahi duten guztiek. Izan ere, ez baita beharrezkoa izango ikastaroan parte hartu izana mintzaldi kolektiboan parte hartzeko.
Ikastaroan parte hartzeko, Irungo AEKren posta elektronikora mezua bidali behar da.