Papillon Zineklubarekin zabalduko ditu ateak eraberritutako Polborinak
Urteetan itxita izan den Polborina berreskuratu du udalak, eta ikus-entzunetarako atondu, herriko elkarte eta eragileek erabil dezaten.

Urteetan ateak itxita izan den Polborinak, parez pare zabalduko ditu berriro udalak hura berreskuratu eta moldatu ostean. Hondarribia Kultura iniziatibaren barruan hainbat jarduera jarri ditu abian udalak. Horren lekuko dira Hondarribia Sormen Hiria beka deialdia edota Madalen lokalaren irekiera. Horren barruan kokatu du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak Polborinaren irekiera.
Astelehenean eman zuen urteetan itxita izan den Polborinaren irekieraren berri zinegotziak, Goio Uriarte eta Maddi Carton Kultura eta Turismo teknikariekin, eta Lander Berges Papillom Zineklub berriko ordezkariarekin batera.
Alonsok azaldu zuen udalak berreskuratu egin duela Polborina, eta inbertsioa egin duela, “eguneratu egin da espazioa eta ikus-entzunetarako prest jarri”. Hori horrela, lehen urratsa egin nahi du udalak eta oraindik orain erabilera erabat definituta ez badago ere, herriko elkarte eta eragileek erabiltzeko espazioa izango dela argi utzi zuen Alonsok, eta bide hasi behintzat, zinegintzarekin lotuta egitea aurreikusi zuten: “Herriko zinemazaleekin harremanetan jarri , tartean Lander Berges eta Mikel Sagarzazurekin, proposamen bat egin ziezaguten Polborinean garatzeko”.
Egindako proposamenaren gaineko informazioa Bergesek eman zuen xehe. Harka azaldu zuen herriko hainbat zinemazale elkartuta, Papillon Zinekluba sortu dutela, “helburua ez da zinea programatu eta ikustera mugatzea, perspektiba berria eman nahi diogu, eta bibliotekan sortu diren irakurketa kluben antzeko zer edozer sortzea. Hemen elkartu, iritziak partekatu, eztabaidak sortu eta besteak entzunda lanketa egin nahi dugu”.
Filmak komunitatean ikustea nahi dutela ere esan zuen zineklub sortu berriaren ordezkariak, eta aldi berean, Polborina, espazio kritikoa bilakatzea. Lehen ziklorako zineklub berriko taldekideen ibilbidean arrastoa utzi duten filmak aukeratu dituzte: Amelie, La chica del puente, Gueros, eta Mystery train.
Herritarrei ere eskatu zien laguntza Alonsok. Izan ere, oraindik ez baitute aukeratu zein egunetan egin saioak, “astelehen, ostiral edo igandeak izan daitezke”. Hori horrela, aukeratzeko galdetegia zintzilikatu dute udalaren web orrian (klik hemen).
Zineak hartuko du Polborina, momentuz, baina hitzaldi bat ere antolatu dutela bertan maiatzean zehar azaldu zuen Alonsok, “apurka lanean ari gara espazio berria agendan sartzeko. Leku txikia eta jasoa da, 30 lagunentzako aforoa dauka”.
Beste emanaldi batek ere hartuko du lekua bertan: Zinegoak nazioarteko zinemaldi LGBTan parte hartu duten filmen proiekzioak emango dira bertan.