Korrikaren 'Jalgi hadi!' dokumentalerako crowdfundig kanpaina aktibatu dute
AEKren sostengurako 24. Korrika mugitzen hasi da. Horren barruan, Jalgi hadi! dokumentala egin nahi dute. Diru ekarpen kolektiboa abiatu dute ikus-entzunezkoa finantzatzeko.

Datorren urtean, 2026an, izango da 24. Korrika. Jada hasi dira horren prestaketarekin. AEKren sostengurako egitasmo ibiltariaren “indarra eta euskararen erronkak uztartzeko”, dokumentala egin nahi dute. Jada badu izena, Jalgi hadi!; baita nork egin ere, Mirokutana ekoiztetxeak. Baina, proiektua gauzatzeko finantzazioa behar da: laguntza emateko crowdfunding edo diru bilketa kolektiboa abiatu dute. Diru ekarpena egin nahi dutenek apirilaren 25era arteko epea dute eskura, dokumentalerako propio sortu den atalaren bitartez. Han, proiektuaren azalpen zehatzak ikus daitezke, tartean direlarik Mirokutanako kide Ander Iriarte zinemagile oiartzuarraren azalpenak. “Filmak AEKren babesa dauka. Orain zurea behar du”, esan dute.
Jarraian, azalpen gehiago jasotzeko bideoa:
Jalgi hadi! dokumentalak Korrikaren bihotza eta burua erakutsiko ditu, horren sustatzaileek adierazi dutenez. “Alde batetik, euskal ekimenik erraldoiena barrutik ezagutzeko aukera izango da, Korrika posible egiten duten pertsonak eta prozesuak gertutik jarraituz. Bestetik, soziologo, antropologo, hizkuntzalari, kulturgile eta euskalgintzako beste eragile askoren ekarpenak jasoko ditugu, euskararen iragana, oraina eta etorkizunaz hausnartzeko”.
Dokumentala euskal komunitateari zuzenduta dago, euskaraz bizi nahi duten guztiei. “Hizkuntza bat komunikatzeko tresna da, eta Jalgi hadi!-k eztabaida eta elkarlana sustatu nahi ditu, “euskaltzale guztiak berpizkunde berri batean parte hartzera” gonbidatuz.