Txenpereneako Hirigintzako Jarduketarako Programaren onarpena, adostua
Irungo EAJ, EH Bildu eta Sí Se Puedek Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekualdatzeko proposamena egin ostean, Txenpereneako Hirigintza Jarduketarako Programaren hasierako onarpena adostu dute.

2018an Plaiaudiko kirol pistak Txenpereneara lekualdatzeko mozioa aurkeztu zuten Irungo EAJ, EH Bildu eta Sí Se Puedek. Jeltzaleek jakinarazi dutenez, aste honetan adostu dute Txenperenea eremuko Hirigintzako Jarduketarako Programaren hasierako onarpena.
EAJk behin baino gehiagotan eskatu zion aurreko Gobernuari Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdatzean aurrerapausoak emateko. Orain, Udal Gobernuan daudela baliatuz, lekualdaketari bulkada bat eman nahi izan diote jeltzaleek.
Izan ere, “Bidasoa Atletiko Taldeak eta Txingudi Errugbi Klubak urteak daramatzate sufritzen, eta instalazio horiek ez datoz bat ez bi kluben tamainarekin, ez euren kirol-proiektuekin”.
Gainera, kirol pistak lekualdatuz, Plaiaundik “erakargarritasun naturala” handitzeko aukera izango duela zehaztu du EAJk, “padurak berreskuratuz”.