Zuhaitz egunak 30 urte bete ditu
30 urtez baso txikiak sortzea ahalbidetu du Zuhaitz egunak. Kolektibitate horri garrantzia eman eta hiru hamarkadetako datuak webgune batean bildu ditu udalak.

Larunbat honetarako antolatu dute 2025eko Zuhaitz eguna. 2024an jaiotako 93 haurrek, haien gurasoekin batera, udalak emandako zuhaitzak landatuko dituzte. Goizeko 11:00etan hasiko da ametzen landaketa, San Telmo inguruan. Ondoren, 12:00etan 2018an jaio ziren haurrei makil eta xenda liburu bana banatuko dizkiete.
Egun horri begira lanketa berezia egin du udaleko ingurumen sailak. Izan ere, aurten 30 urte bete dira Zuhaitz eguna aurrenekoz antolatu zutenetik. 1995etik gaur egun arte urtez urteko datuak bildu, horiek digitalizatu eta herritarren eskura ezarri dituzte udal webgunearen bidez. Hala, azken 30 urteetan egin diren lanketak begirada bakar batean ikus daitezke, besteak beste.
Hortaz gain, egun horrek zuen izaera indibidualari buelta bat eman nahi izan diote. “Nahiz eta zuhaitz eguna oso modu indibidualean barneratu den, zuhaitz bakoitzarekin basoak sortu nahi izan ditugu, eta ez edozein baso, bertako basoak” adierazi du Garoa Lekuona zinegotziak. Beraz, haurtzarotik bertako basoak berreskuratzeko egitasmoa dela esan daiteke. “Agian zure zuhaitza hil egin da, baina inporta duena basoa aurrera atera dela da”.
Urte hauetan guztietan, zuhaitzik ez zegoen tokietan zuhaitzak landatu edota kanpoko zuhaitzak bertako espezieengatik aldatu dituzte, baso txikiak osatuz. Lekuonak gaineratu duenez, sortu duten irudi berrian ere kolektibitate hori islatu nahi izan dute: “Urtxintxa batek ibili ahal izateko baso bat behar duelako”.
Zentzu horretan, azken urteetan zuhaitzak landatzeko modua aldatu egin dutela azaldu du Lekuonak. 2013ra bitarte, zuhaixkak kaleen arabera landatzen zituzten, zuhaitz lerro perfektuak sortuz. Orain, ordea, modu nahasian landatzen dituzte, basoak naruralizatuz.
Kaleen izenak jasotzen dituzten seinaleei dagokienez, horiek usteltzean berriengatik ez ordezkatzeko erabakia hartu du udalak. Hori bai, horien guztien toponimia eta lekuen izenak webgunean jaso dituzte.