Hezkuntza sistema propioaren alde, geldialdiak Irungo hainbat eskolatan
Ikama ikasle antolakundearen deiari erantzungo diote Irungo hainbat ikaslek eta ostegunean geldialdiak egingo dituzte Txingudi, Eguzkitza eta Pio Baroja ikastetxeetan.
Ikama ikasle antolakundearen deiari erantzunez, klase etenaldiak egingo dituzte ikasleek hilaren 20an (osteguna) Txingudi ikastolan, Eguzkitza ikastetxean eta Pio Baroja institutuan. Hezkuntza propio baten beharra aldarrikatuko dute, eta iazko abenduan Ikamaren aurkezpenean adierazi zutenaren harira, “papereko aldarriak kaleko oihu” bihurtzeko eguna iritsi da.
Azken bi hilabetetan behar dugun hezkuntzarako, independentzia dinamika lantzen aritu dira eta helburua ikasleak “borroka independentistara” hurbiltzea izan dute. Euskal Herriko hezkuntza sistemak Espainiako eta Frantziako estatuak inposatzen dituztela salatu dute eta bi estatuak haien interesak betetzen aritzen direla.
Euskal Herriaren beharrei erantzuteko hezkuntza aldarrikatu dute eta horretarako hezkuntza proiektu “askatzailea” eraikitzeko euskal hezkuntza sistema propioaren beharra defendatu dute. “Horretarako botere egitura nahikoa eskuratzeko Euskal Herriak independentzia behar du”, azaldu dute.
Hezkuntza propioaren eta independentziaren alde egitea “aldarri hutsetik” harago doala uste du ikasle mugimenduak eta Euskal Herriarentzat beharrezko ikusten duten hezkuntzaren alde mobilizatzeko asmoa adierazi dute. Hezkuntza bat Euskal Herrirako aldarripean egingo dute hori.
Ikasketa prozesua baldintza duinetan egitea “eskubidea” eta “ezinbestekoa” dela esan dute, zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikorik gabekoa, alegia. “Aukera berdintasuna bermatzeko hezkuntza publikoa, doakoa eta ez segregatzailea izan behar da eta baldintza material duinak eta kalitatezko zerbitzuak bermatu behar ditu”, defendatu dute.
Ikaslea erdigunean nahi du ikasle mugimenduak et ahori lortzeko ikasleen “partaidetza aktiboa” eta “kontzientzia kritikoa” sustatu behar dela ezinbestean uste dute. Faxismoaren gorakada izan dute hizpide eta testuinguru horretan borroka antifaxistak “lehen lerroa” hartu behar duela azaldu dute. “Eta hori sistema kapitalista zisheteropatriarkala apurtzeko anbizioarekin lortzen da: euskal hezkuntza antikapitalista, feminista eta euskalduna izango da, sistemaren erreprodukzioa eten egingo duena”.