Donostiarra A, Arraun Lagunak eta Badok 13 Hondarribian irabazle
Etxeko bi traineru nagusiek bosgarren bukatu zuten etxeko jaitsiera. Hondarribia B ontzia aldiz, 14. izan zen.

Larunbat arratsaldean Hondarribiko hondartzan jokatu zen Hondarribiko XXV. Traineru Jaitsiera. Arraun egiteko kondizioak ez ziren onenak izan. Haize bolara indartsuak izan zituzten han eta hemen, eta itzulerako luzean ipar mendebaletik zetozen alboko olatuek ohikoa baino lan gehiago egitera behartu zituen arraunlariak, eta baita patroiak ere.
Estropada jokatu artean behintzat ateri mantendu zen zerua eta horrek kai-muturra kolore askotariko zaletuek betetzea ahalbidetu zuen. Hotza nagusi izan zen arren, arraunlariak animatzeko prest bertaratu ziren.
Beteranoen artean Badok 13 A ontziak irabazi zuen lehia, kronoa 14:38,91an geldituta. Fortunak eta Zumaia Ak osatu zuten podiuma.
Emakumeen artean, berriz, garaipena Arraun Lagunak ontzi donostiarrarentzat izan zen. 15:00,18ko denborarekin bandera astintzea lortu zuten. Gertu izan zituzten tolosarrak, soilik 89 zentesimetara. Hirugarren Orio izan zen. Irabazleek baino 13,18 segundo gehiago behar izan zituen. Etxekoei dagokienez, berdeek estropada bikaina egin zuten. Bosgarren postuan sailkatu ziren, laugarrenetik 53 zentesimentara. Guztira 15:18,70eko denbora egin zuten.
Gizonezko seniorretan Donostiarra Ak irabazi zuen jardunaldia, 20:35,81eko denborarekin. Bigarren izan zen Ondarroa (20:41,15), eta hirugarren Getaria (20:45,22). Etxekoek bosgarren postuan bukatu zuten, garailetik 20,33 segundora (20:49,17). B ontzia aldiz, 14. helmugaratu zen, kronoa 21,40,58ean geldituta.
Hurrengo hitzordua hilaren 30ean izango da (igandea da), Sanpedrotarrak elkarteak antolatuta. Aurre denboraldiko azken traineru jaitsiera izango da.