Euskararen hilabetea, Irungo ikasleak euskaran murgiltzeko
Hil honetatik apirilera bitartean egingo da eta antzerkia, Mintzodromo gaztea eta Laburbira antolatu ditu Euskara sailak.

Euskararen hilabetea da martxoa Irungo Udalarentzat eta aurtengo programazioaren berri emateko agerraldia egin dute Iosu Iguiñiz Euskara ordezkariak eta Maialen Pikabea euskara teknikariak. Nagusiki hiriko ikasleei begirakoak dira antolatutako jarduerak eta helduentzako Laburbira prestatu dute, urtero legez.
Edizio honetako leloa Martxoa, jarri euskararen aletxoa da, eta beste urteetan bezala, oraingoan ere euskararen erabilera eta motibazioan eragiteko helburuarekin ondu dute egitaraua. “Hizkuntza ohituretan eragitea ezinbestekoa da euskara sustatu nahi baldin badugu eta hori lortzeko Euskararen Hilabetea bultzatzen dugu” azaldu du Iguiñizek.
Antzerkia da programazioaren izarra. Lau antzezlanez gozatzeko aukera izango dute Irungo ikasle guztiek eta Amaia KZn izango dira emanaldi guztiak. Haur Hezkuntzako ikasleak Amama (Eidabe ekimen kulturalak) antzezlana ikustera joango dira Pio XIIko aretora, eta hilaren 18tik 20ra egingo diren hiru emanaldiez disfrutatuko dute.
Hilaren 12a Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleen txanda izango da eta Amak (Txalo produkzioak) antzezlana ikusiko dute. Obra honetan ikastetxe bateko itxaron gelan atera ezinik gelditzen diren lau emakumeen arteko istorio desesperagarria umoretik antzeztuko dute.
Hilaren 13a eta 14a, Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolistok bakarrizketaren egunak izango dira. Saio hau DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei begira antolatu dute eta Gurrutxagak Errealeko jokalari zeneko garaia izango du ardatz. Horrez gain, jendaurrean lehen aldiz lehen mailako futbolari zenetik lehen pertsonan pairatu zuen Asaldura Obsesibo Konpultsiboaz ere mintzatuko da.
Apirilaren 2an eta 3an Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak eseriko dira Amaia KZn eta Mamuak (Anodino teatroa) izeneko obra ikusteko aukera izango dute. Musika tresnak konpontzeko egongo dira antzezlan honetan, baina istripu baten ondorioz, objektu guztiek bizia hartu dute, ustekabea sorraraziz eta bakoitzaren mamuak esnatuz.
Irunero bereziak
Ikasleen sorkuntza lanekin Irunero udal aldizkariaren bi ale berezi argitaratuko dituzte, ikasleen sorkuntza lanei ikusgarritasuna emateko asmoz. Aleetako batean Lehen Hezkuntzako laugarren maila bitarteko ikasleen lanak jasoko dituzte; bestean, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila bitartekoak. Formatu digitalean egongo da soilik ikusgai.
Mintzodromo gaztea
Beste urte batez egingo da Mintzodromo gaztea eta oraingoan Mondragon Unibertsitateko ikasleek zuzenduko dute saioa. Hilaren 14an eta 21ean egingo dute Palmera Montero gunean eta euskaraz hainbat gaiez hitz egiteko aukera izango dute gazteek. Gainera, beste institutuetako ikasleak ezagutzeko aukera izango dute.
Laburbira
Laburbira apirilaren 9an hartuko du lurra Irunen, 19:00etan. Amaia KZko hitzaldi aretoan egingo dira proiekzioak eta honako lan hauek eskainiko dituzte: Prosopagnosia (Ekain Martinez de Lizardui); Plazer bat (Sonia Estevez); Betiko gaua (Eneko Sagardoi); Europa (Ekain Irigoien); Pentsatzen dut (Alaia Martin, Iraitz Mateo eta Karmele Mitxelena); Hor konpon (Jone Arriola); Goodbay kepler (Nerea Ayala); eta Utlandsk (Alba Lozano).