Itaia: "Hitzontzikeriak alboratu eta emakume langileon zapalkuntzaren aurka egiteko eguna da gaurkoa"
Martxoaren 8a "aurpegi zuriketarako" erabiltzea leporatu diete alderdi politikoei, instituzioei eta enpresariei, eta gaurko egunaren "izaera iraultzailea" aldarrikatu dute.

Bidasoko Itaiak deituta, mobilizazioa egin dute gaur eguerdian Irungo San Juan plazan. Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara lelopean elkartu dira hamarka lagun gaurko martxoaren 8an. Oihuz eta aldarrikapenez betetako elkarretaratzearen ondoren, hitza hartu dute Itaiako bi emakumek.
Lehenik eta behin, gaurko eguna “aurpegi zuriketarako” erabiltzea leporatu diete alderdi politikoei, instituzioei eta enpresariei, “hitzontzikeriak alboratu eta emakume langileon zapalkuntzaren aurka egiteko eguna” baita gaurkoa haien ustez. Horregatik, martxoaren 8aren “izaera iraultzailea” berrartzeko premiaz aritu dira gaurko ekitaldian. “Alderdi sozialistak eta bertako emakume iraultzaileek emakumeon emantzipazioa bere muturreraino eramateko abiatu zuten borrokaren lekukoa hartu nahi dugu”.
Egungo testuinguruak antolatzeko eta mobilizatzeko beharra areagotu duela erantsi dute. Europako agintarien gidaritzapean, mendebaldeko gobernuek langileen bizi baldintzak “okertu eta estatuen izaera autoritarioa indartu” dutela salatu dute, batetik. Eta egoera horretan “milaka eta milaka emakume langileren miseria areagotu” dela adierazi dute, zerrenda luze bat aipatuz: “lan baldintza prekarioak, miseriazko soldatak, emakume migranteen esplotazioa…”. Bestetik, nonahi “kulturalki ideia atzerakoiak eta matxistak indartzen” ari direla esan dute, kezkati. Ideologia erreakzionario horrek emakume langileei “zuzenean” eragiten diela erantsi dute, “emakumeon irudi otzana eta sexualizatua normalizatzen ari baitira, besteak beste”. Horrek emakumeen kontrako indarkerian “zuzeneko eragina” duela esan dute, eta “nahikoa” dela oihukatu: “matxismoa behin betiko ezabatzeko borroka egin behar dugu! Miseria ekonomikoa eta matxismoa indartzen ari diren agintariek, esplotatzaileek eta faxistek aurrean edukiko gaituzte!”.
Irtenbidea ez dela alderdi instituzionaletik etorriko argi dute Itaiakoek, “arazoaren parte” baitira, “Europako agintarien proiektua onartu dutelako, zeinak gerrarako aukera, estatuen autoritaritarismoa eta langileon pobretzea dakarten”. Azken urteek instituzio kapitalistek emakumeen zapalkuntzarekin bukatzeko “egiturazko mugak dituela argi erakutsi” dutela esan dute, eta emakumeen bizi baldintzak hobetzetik urrun, emakumeen zapalkuntzaren kudeaketara mugatu direla. Ondorioz, milaka eta milaka emakumek “beraien enpresa buruen esplotazioa edota erasotzaileen indarkeria pairatzen” jarraitzen dutela esan dute.
Bestalde, “sozialdemokraziaren porrotak sorturiko desatxikimenduak” gizarteko sektore handi batean pentsaera eskuinera eraman duela salatu dute, eta hala, alderdi zein talde ultraeskuindar eta faxistek egoera hori probestu dutela “sekulako interbentzio kulturala egiteko, ideia matxistak eta atzerakoiak gizarteko gero eta kapa gehiagotan zabalduz”.
Aurreko lerroetan aipatutako guztiagatik, instituzio kapitalistak ezin direla eraldaketarako bitarteko bezala ikusi esan dute. Horri lotuta, instituzioei aldarrikapenak eta exijentziak egitera mugatzeak, “azken urteetan feminismoaren baitako zenbait sektorek egin bezala”, kale mailako borrokak eta mobilizazioak “lausotzea” ekarri duela uste dute. “Kontrara, lehentasunezkoa da emakumeon zapalkuntzaren aurkako alternatiba joko zelai parlamentariotik kanpo gorpuztea, alternatiba hori zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialistaren eraikuntzan kokatzea, eta azken urteetan galdutako kale mailako borroka eta antolakuntza indartzea”.
Ildo horretan, “datozen lekutik datozela”, diskurtso matxistek eta erreakzionarioei aurre egiteko langile klaseko kolektiboen arteko lankidetza ezinbestekoa” dela gaineratu dute. Hor emakumeak “lehen lerroan” egon behar dutela erantsi dute: “emakume migranteak, sektore feminizatuetako langileak, indarkeria matxista pairatu dutenak, etab. Norabide horretan, guztiok kalitatezko bizi baldintzak berdinak izateko eta eskubide politikoak bermatuak izateko borrokatu behar dugu!”.
Mugimendu iraultzailea eraikitzeko unea
Egoera “larria” dela esan dute gaurko ekitaldiaren azken zatian. Emakume langileen zapalkuntzari aurre egiteko “langileon mugimendu iraultzailea eraikitzeko momentua” dela uste dute Itaiakoek: “batetik, matxismoaren eta bere oinarrian dagoen kapitalismoaren aurkako kontzientzia zabalduz eta, bestetik, jarrera edo eraso matxistei erantzun irmoak emanez”. Hori lortzeko lehen lerroa hartzeko beharraz aritu dira, “emakumeon antolakunde indartsuak eraikiz eta emakumeok borroka prozesu hauetan aktibo politiko izanez”.
Gaur bezala, bihar ere norabide horretan lanean eta borrokan jarraitzeko deia luzatu dute gaurkoan: “Jarrera erreakzionarioen eta matxisten aurkako borroka kaleetan dagoela erakusteko unea da! Emakumeen zapalkuntza gainditzeko, sozialismoaren aukera errealitate bihurtzeko borrokatzen jarraitu behar dugu! Matxismoaren aurkako borrokan emakume langileok lehen lerrora! Gora emakume langileon borroka! Gora iraultza sozialista!” oihuekin bukatu dute gaurkoa.