Irun Hiria Musika Bandak jasoko du Irungo Erraldoia saria
Apirilaren 26an banatuko du saria Irungo Atsegiña Elkarteak. Musika bandak Irunen kulturari egin dion ekarpenari aitortza egin nahi diote.

Urtero bezala, aurten ere Irungo Atsegiña Elkarteak Irungo Erraldoia saria banatuko du. Apirilaren 26an egingo dute banaketa, eta bertan parte hartuko dute agintari, kulturgile eta senidetutako elkarteek.
Irun Hiria Musika Bandak jasoko du aurten saria. Izan ere, mende erdi baino gehiago darama bandak “musikarekiko maitasuna eta tokiko talentua sustatzen”. Musika interpretatzeaz haratago, “gizarte kohesio” funtzioa ere betetzen du musika bandak elkartearen ustez, belaunaldi ezberdinetako hainbat pertsona elkartzen baititu musikaren inguruan.
Gainera, Irungo ekitaldietan parte hartzeaz gain, eskualde eta nazioartean ere egin ditu emanaldiak Irun Hiriak. 52 urteko ibilbidean zehar “orkestra eta bakarlari ospetsuekin agertokia partekatzeko ohorea” eduki du bandak, eta horri esker bandaren musika herrialdetik kanpoko entzuleengana zabaltzeko aukera izan du. “Herrialdeko musika banda garrantzitsuenetako baten ospea” lortzen ari dela iruditzen zaio Atsegiñari.
Irungo izpirituaren alde hoberena islatzen du Irun Hiriak elkartearen ustez: “pasioa, bikaintasuna eta komunitatearekiko konpromisoa”. Esker hitzak adierazi ditu Lander Mesonero bandako lehendakariak: “Sari hau jasotzea ohorea handia da bandarentzat. Musikaren eta gure hiriaren alde lan egiten jarraitzeko motibatzen gaitu”.