“Egunero beharko luke martxoaren 8a izan”
Udalak eta hiriko zenbait talde feministek deitutako elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian San Juan plazan. Alderdi guztietako ordezkariak izan dira bertan.

Emakume Langileen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta urtero bezala, Irungo San Juan plazan elkarretaratzea egin dute, udalak eta hiriko zenbait talde feministek deituta. Mobilizazio isila egin dute bertaratutakoek, txalo zaparrada batekin bukatu dutena. Bertan, udalean ordezkaritza duten talde guztietako ordezkariak izan dira, herritarren alboan. Lehen lerroan jarri diren emakumeek eskuetan zeraman pankartak hala zioen: “Egunero beharko luke martxoaren 8a izan”.
Hurrengo lerroetan, Irungo Udalak gaurko egunerako kaleratu duen adierazpen instituzionala irakur daiteke, hitzez hitz:
Gaur, 2025eko martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunean, bat egin nahi dugu 1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Biltzarrean onartutako Beijingeko Adierazpenaren eta Ekintzarako Plataformaren 30. urteurrenaren ospakizunekin. Akordio horiek mundu mailako bideorri bat abiarazi zuten genero- berdintasunaren, neska eta emakume guztien ahalduntzearen eta haien giza eskubideen errespetuaren alde.
Hiru hamarkada bete ditu ibilbide horrek, eta aurrerapen handiak izan dira, baina bilakaera desorekatua izan da, eta munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna. Edonola ere, berdintasun- indizeei erreparatuta, agerikoa da aurrerapena nabarmena izan dela berdintasun- politiken araudi eta erakundeetako garapenak eta mugimendu feministaren bultzada jarraituak bat egin dutenean.
30. urteurrena aukera ona da Beijingen ezarritako helburuak erdiesteko konpromiso eta borondateak berritzeko, erronkei aurre egiteko eta oztopoak gainditzeko beharrezko baliabideak mobilizatuta.
Euskal erakundeek eta, bereziki, tokiko gobernuek azken hogeita hamar urteetan pilatutako ebidentzia guztia dute, eta horrek agenda feminista globalean oinarritutako berdintasun-politikak berresten eta zilegiztatzen ditu.
Hori dela eta, euskal udalek bat egiten dute genero-berdintasuna lortzeko lana azkartu nahi duen mundu mailako mugimenduarekin. Horretarako, nesken eta emakumeen ahalduntzearen alde egiten dute, baita emakumeen eskubideen alde ere. Alor kritiko global horien aurrerabideari maila lokaletik ekarpena egiteko, Irungo Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:
- Berdintasun-politikak garatzeko eta indarkeria matxistaren kontra egiteko egiturez hornitzea, beharrezko baliabideekin eta langileekin, berdintasun-politika publikoen kalitate-estandarren arabera.
- Emakumeen asoziazionismo feminista sustatzea, berdintasun-politika publikoetan emakumeek izan beharreko esku-hartzea eta eragina bideratzeko.
- Irungo Emakumeen Etxea eta belaunaldien arteko topaketa eta elkarrizketarako beste espazio batzuk bultzatzea, ezagutzak eta esperientziak partekatzeko, eta ahalduntze feministako eta aliantzarako espazioak izan daitezen, askotariko adin eta egoeretako emakumeen artean.
- Tokiko gobernuetan emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte- hartzea eta eragina erraztuko duten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.
- Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimen eta bizirauleen erreparaziorako erakundearteko arreta eta koordinazio protokoloa eguneratzea.
- Indarkeria matxista prebenitzeko programak garatzea herritarren artean, batik bat gizonei eta mutilei zuzenduak, Irun Beldur Barik programa lokalean egiten den bezala.
- Zaintzen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abiaraztea ikuspegi feminista batetik.
- Emakumeen tokiko memoria berreskuratzeko Udalaren ekimenak zabaltzea eta ezagutzera ematea, hala nola Julia Iruretagoyena bi urtean behingo beka eta Emakumeen Irungo paseo historikoak.