Abotsanitz: "Kirol Eremuaren desafekzioaren espediente hasiera albiste garrantzitsua da"
Hondarribiko EAJri "tentuz jokatzeko" eskatu eta jeltzaleei zein sozialistei prozesu honetan eduki dezaketen informazio oro herritarrekin zein udaletxearekin "gardentasunez partekatu dezaten" eskatu die Abotsanitzek.

Otsailaren 28an publikatu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Hondartza Kirol Eremuko lurrak beharrezkotzat ez jotzeko, eta beraz, udal jabetza izan daitezen espedientea zabaldu zela. Iragan astean PSE-EE pozik agertu zen jakinarazpenaren aurrean, eta gaurkoan Abotsanitzek “albiste garrantzitsua” dela adierazi du.
Herri plataformak urteetan egindako aldarria da honakoa, lur horien jabetza izateak, etorkizunean bereziki, udalak esku hartze zuzena izateko ahalmena izango duelako. “Kasurako, Futbol Elkarteak urte luzez itxaroten ari den belar naturala aldatu, artifiziala jartzeko edota garatu beharreko beste hainbat inbertsio”.
Abotsanitzek baina, Hondarribiko EAJri “tentuz jokatzeko” eskatu dio, jeltzaleek dagoeneko “Hondarribia, kirol-eremuko lurren jabe da, EAJren eta PSOEren akordioari esker” esan baitute. Beldur dira herri plataformako kideak aurreko urteetan gertatutakoa errepikatzeko: “2010ean EAJko diputatu zen Joseba Agirretxea eta orduko alkate Aitor Kerejeta lehen aldiz prentsan agertu zirenetik 15 urte pasa behar izan dira tramiteak abiatzeko, eta ordutik ere, makina bat aldiz agertu dira, besteak beste, Arantxa Tapia sailburu ohia edota Aitor Esteban diputatua ere, zegokien hauteskundeen bueltan, gaia itxita zegoela adieraziaz”.
Beraz, EAJri eta PSEri “alderdikerien gainetik”, prozesu honetan eduki dezaketen informazioa herritarrekin zein udaletxearekin “gardentasunez partekatu dezaten” eskatu diete.