Saharako haurrak udaran etortzeko familia bila dabiltza Bidasoan
Oporrak Bakean programan izena emateko epea hilaren 15ean bukatuko da. Informazio gehiago nahi duenak, hilaren 14an Irungo Larreaundin egingo den hitzaldira gertura daiteke.

Oporrak Bakean programari esker, Saharako errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren 8 eta 12 urte bitarteko haurrek udara pasatzen ahal dute Bidasoan. Euskal Herri mailako programa bat da eta Irun eta Hondarribiko Udalak kolaboratu egiten dute.
Euskal Herri osoan bezala, Bidasoan ere udara honetan bi hilabetez haur hauek jasoko dituzten familien bila ari dira eta programan izena emateko epea hilaren 15ean bukatuko da. Programarekin bat egingo duten haurrek puntako tenperaturetatik aldenduko dira, berebiziko elikadura beharrak aseko dituzte eta Osakidetzaren eskutik egindako mediku errebisioak eguneratuko dituzte, besteak beste.
Familiak hainbat ardura eta konpromiso bete behar ditu, harrera familia izateko baldintzak betetzekotan. Horiek Oporrak Bakean programaren orrialdean kontsultatu daitezke; oro har, informazio guztia bertan topa daiteke. Halaber, Hassana hiztegia irakur daiteke bertan.
Irunen, pandemia pasa zenetik geroz eta familia gutxiagok hartzen dutela parte programan deitoratu du Txingudiko Tadamun elkarteak. Arrazoiak hainbat izan daitezke baina horietako biri begira jarri dira. Batetik, Saharako auzi politikoarekiko ezjakintasuna; bestetik, Saharako egoerak hedabideetan daukan eragin falta. Aitzitik, Hondarribian, iaz, familia gehiago batu ziren programara.
Hitzaldia
Saharako egungo egoeraren berri emateko hitzaldia eskainiko du Tadamun elkarteak hilaren 14an, 18:00etan, Larreaundi-Olaberriako auzo lokal berrian (Ama Mirarietakoa, 8). Saio honetan, Oporrak Bakean programarekin bat egiten duten familiek ere hitz hartuko dute eta haien esperientzia partekatuko dute.