«Tindufetik itzuli berri diren harrera familiek egoera larria dela diote»
Saharar errefuxiatuen Tinduf kanpalekura bidaltzeko elikagaien bilketa egingo da Irun eta Hondarribian hilaren 24tik 25era. Oporrak Bakean programa ere martxan dute.

Sahararrak bizi diren Algeriako Tinduf kanpalekuko egoerak okerrera egin du. Batetik, Espainiako Gobernuak murriztu egin duelako Elikagaien Munduko Programako aurrekontua; bestetik, iazko uholdeek hainbat azpiegitura hondatu dituztelako.
Tinfufeko errefuxiatuen kanpalekura bidaltzeko janari bilketa egingo duzue. Noiz?
Elikagaiak jasotzen arituko gara hilaren 24 arratsaldean eta 25ean egun osoan zehar, Irun eta Hondarribian. Guztira hamalau supermerkatutan egongo gara, zehazki, bi herrietako BM eta Eroski supermerkatu guztietan. Halaber, Irungo Super Amaran eta Mendibilgo Netto supermerkatuan ere jasoko ditugu elikagaiak, baita Irungo Kabigorrin ere. Ez dugu soilik supermerkatuen elkartasuna bilatzen, eta eskoletan ere egongo gara, Txingudi Ikastolan, Elatzeta eskolan, Bidasoa LHIIn eta Talaian, hain zuzen.
Herritar gisa laguntza bi modutan eman daiteke. Batetik, elikagaiak ematen; bestetik, txandak egiten supermerkatuetan. Hasieran aspergarria dela eman dezake, baina nik urtero istorioren bat eramaten dut etxera. Benetan, esperientzia polita da.
Zein elikagai jasoko dituzue?
Arroza, pasta, atuna eta sardina oliotan, azukrea, dilistak eta konpresak. Garrantzitsua da aipatzea lekaleak ez direla kristalezko potoetan eman behar, horiek ez baitizkigute onartzen eta plastikozko zorroetan dauden lekaleak jasoko ditugu bakarrik.
Elikagaia Tindufera iristeko, nondik nora egingo duzue bidaia?
Alacantetik Algeriara bidaltzen ditugu elikagaiak, eta Saharako Lagunen Euskal Elkarteen Federazioa izateak lan hori guztia errazten digu. Elikagaiak behin bilduta, guk antolatzen dugu dena eta lauzpabost kamioitan sartu eta Alacanteraino joaten gara. Otsaila bukaeran edo martxoa hasieran izaten da hori. Kamioiak boluntarioek eramaten dituzte, eta horietako asko DBuseko langileak izaten dira. Algerian sahararrek hartzen dituzte eta kanpalekuetara bidali. Kanpalekuetan Ilargi Gorriak jasotzen ditu elikagaiak eta bertan banaketa egiten dute.
Hango familia asko elikagai hauen menpe daude. Haien elikagai iturri bakarra hau da, eta horregatik da garrantzitsua. Esan beharra dago Espainiako leku batzuetan beste elikagai batzuk biltzen dituztela, ahalik eta produktu ezberdin gehien iristeko hara.
Zu, gaztea zara. Ba al zabiltzate gazteak Tadamunen?
Bai, ni aspalditik nabil, 14 urte nituenetik eta orain 22 urte dauzkat. Hasieran gurasoekin joaten nintzen eta orain lagunak animatzen ditut. Gazteak egon bagaude Tadamunen, hiru gazte gabiltza lanean jo eta su, hain zuzen. Beste elkarteetan ere gazteak daude, baina egia da elikagaiak jasotzeko txandetan nabaritzen dela beteranoak etortzen direla, eta garrantzitsua iruditzen zait horretan gazteen presentzia. Azken finean, horrek hurbiltzen zaitu gatazka ulertzera eta komunitatera. Hartu eman komunitarioa sortzen da elikagaiak biltzerakoan eta hori jasotzen duzuenean interesa mantentzen duzu. Zure baloreak osatzen zoaz gazteaz zarenean eta boluntariotzatik militantziara pasatzen zara gutxika. Bakoitzak ahal eta nahi duena ematen du, hori bai. Gazteen presentziak askotan ere jendea animatzen du eta horregatik garrantzitsua iruditzen zait.
Saharako Lagunen Euskal Elkarteen Federazioa nahiko berria da.
Bai, Tadamuneko bi kide gazte dira presidentea eta presidenteordea, eta elikagaien kanpainari begira egoten dira lanean nagusiki. Belaunaldi erreleboa eman zen, erabaki zen elkarteak federazio izaera hartzea, eta horretan elkarlanean aritu ziren elkarteak federatu dira.
Zein da egun Tindufen dagoen egoera?
50 gradu baino gehiagotara bizi dira, eta horri gehitu behar zaio ur eta elikadura eskasia. Betidanik egon da hori, baina azken urteetan egoerak okerrera egin du, Espainiako Gobernuak murriztu egin duelako Elikagaien Munduko Programara bideratzen duen aurrekontua. Programa honek familia bakoitzari hilabetero ematen die elikagai saski bat, eta %30eko murrizketa izan du saski horrek. Saskia ez da inoiz oso handia izan, baina jakinda sahararrak bizi direla laguntza humanitario horren menpe eta gobernuaren laguntza hori nabarmen murriztu dela, azken urteetan are premiazkoa dugu karabana honek indarra edukitzea.
Iazko irailean uholdeak izan ziren Tindufen. Nola bizi dira orain?
Elikagai eta ur eskasiaren harira datu batzuk eman nahi nituzke. Ia 200.000 errefuxiatu dira bertan bizi direnak, eta horietatik ia %90k elikadura segurtasun eza du. Horrek eragiten du haurren %40 inguruk anemia izatea; bost urtetik beherakoen ia erdiak desnutrizioa du; eta haurdun daudenen anemia tasa ia %75ekoa da. Oso-oso altua, beraz. Bertara bidaiak Eguberrietan eta Aste Santuan egiten dira, eta orain Tindufetik itzuli berri diren harrera familiek egoera larria dela ikusi dute. Okerrago ikusi dituzte aurreko urteetako bidaietan baino. Haurrak oso argal daude. Bertaratzen direnak harrera familia direnak izaten dira, eta pasa den udaratik hona egoera nola aldatu den ikusita kezkatuta etorri dira.
Bost kanpaleku daude Tindufen, eta 2024ko iraileko uholdeen ondorioak oso latzak izan dira. Azpiegitura asko suntsitu dira eta ehunka familia etxerik gabe geratu dira. Horrez gain, funtsezko hainbat instalazio —eskolak, ospitaleak— suntsituta edo ia suntsituta geratu dira. Bertako egoeragatik zaila da horri buelta ematea, latza da. Uholdeak ez dira kanpaleku guztietara iritsi, baina egoera oso gordina da.
Irekita dago Oporrak Bakean programan izena emateko aukera. Zer egin behar da izena emateko?
Espero dugu iaz bezala familia gehiagok izena ematea. Edozein zalantza izanez gero tadamun@gmail.com helbidera idatz daiteke, edota www.oporrakbakean.eus ere hortxe dago uneoro. Azkenean, badakigu ez dela erraza pausoa ematea; haurrak dira, eta konpromiso handia da, ez da tontakeria bat. Baina esperientzia oso polita da.
Hondarribiko Udalak harrera egin zien iaz. Harrerak badu garrantzia?
Irungo Udalak aspalditik diru laguntza ematen digu eta Hondarribiko Udalak ez zigun ematen eta iaz eman zigun lehenengoz. Gainera, harrera egin zuen ere lehen aldiz, bai. Harrera egitea aurrerapausoa izan da udalaren aldetik eta eskertuta gaude.
Irungo Udalak harrera egin beharko lukeela uste duzue?
Bai. Haurrentzat berezia izan zen, beraiek ere bai errekonozituta sentitu zirelako jasotzen dituzten herriagatik. Beraientzat esperientzia berria izan zen ere eta oso emozionatuta zeuden, baita gu familia bezala ere. Azkenean, norbaitek errekonozimendua ematea–gainera, udalak– eskertzekoa da.