Txinzerrek 9.350 ur kontagailu berrituko ditu
Kontagailu berriekin momentuko informazioa jasoko dute herritarrek eta ur ihesak garaian detektatzeko gaitasuna emango du. Modernizatzeko aurrekontua 1.092.199 eurokoa da.
Irungo eta Hondarribiko uraren teleirakurketa sistema berrituko du Txinzerrek eta horrekin kudeaketa “eraginkorragoa” eta “jasangarriagoa” izango dela azaldu dute. Neurketak zehatzagoak izango dira, gailuen konektibitatea hobetuko da, denbora errealean bilduko dira datuak, eta horrenbestez, ihesak goiz detektatzeko gaitasuna emango du ere.
Aldaketa hau Next Generation funtsei esker egin dute eta guztira 9.350 neurgailu aldatzeko baliatuko dute. Hiriko uraren zikloaren digitalizazioan “aurrerapauso handia” ekarriko du, eta Txingudi Data Driven Bay proiektu estrategikoaren parte da. Proiektu honen nondik norako guztiak webgune honetan jaso dituzte.
Modernizazio ekintza honen balioa 1.092.199 eurokoa da eta horietatik 797.199 euro (%73a) diru laguntza baten bidez kudeatu dute. Zerbitzu honek 12 urtez konektibitate zerbitzu bat beharko duenez irakurketak bidaltzeko, 296.301,50 euroko kostu gehigarria izango duela kalkulatu dute. Abonatuek ez dute ordaindu beharko aldaketagatik.
Sistemaren ezarpena behin kontratua sinatu eta zortzi hilabetera jarriko dute martxan. Kontagailuen %35 lau hilabeteren buruan instalatuko dituzte eta %70 sei eta zortzi hilabeteren artean ordeztuko dituzte. Teleirakurketa gailu hauek berritzearekin, baliabideen erabilera optimizatu nahi dute, herritarrei arreta hobea eskaintzeko. Gaur aurkeztutako proiektu honekin konpromiso hori indartu dutela uste du Txinzerrek.
Xehetasun gehiago
Sistema hauek 2009an instalatu zituzten Irunen eta 2015ean Hondarribian. Herritarrek online sarbidea dute bakoitzaren kontsumoen informazioa ezagutzeko baina orain, adimen artifizialari esker, analitika aurreratuagoa jasoko dute. Gailu hauek urrunetik konfiguratzeko aukera eskaintzen dute eta herritarrek kontagailuak eman ahal dituen datuen maiztasuna aukeratu ahalko dute: eguneko, orduko edo minutuko irakurketak.
Orain, analisi sakonagoak egingo dituzte eta horrek ur sareko galerak hobeto kontrolatzen lagunduko du, baita mantentze eta eragiketa kostuak murriztu ere. Sarean sartzen den uraren eta benetan kontsumitzen denaren arteko erlazioa zehaztasun handiagoz ebaluatzeko balioko du horrek guztiak.
Gainera, ura banatzeko sarearen berritze inbertsioen plangintza hobetzeko asmoa adierazi du Txinzerrek, baita gorabeherei erantzuteko gaitasuna hobetzeko ere.
Teknologia berriari erreparatuta, LPWAN teknologia instalatuko dute gailuetan zeina Narrow Band loT sisteman oinarrituta dagoen. Honek estaldura hobea eta energia kontsumo txikiagoa bermatuko du. Horrez gain, modulu bakoitzak SIM txartel integratua dauka eta 5G bidez komunikatzen da. Gailu bakoitzaren bateriak 12 ordu irauten ditu.
Honako hauek dira, hitzez hitz, sistema berriak ekarriko dituen onurak eta izango duen eragina:
- Hiri-uraren zikloaren kudeaketa eraginkorragoa, prozesuen digitalizazioari eta automatizazioari esker.
-
Etxe eta enpresetako kontsumoaren optimizazioa, ur-galera eta baliabideen alferrikako erabilera murriztuz.
-
Ihesak eta kontsumo anomaloak goiz detektatzea, datuen analisi aurreratuaren bidez.
-
Gardentasun handiagoa eta herritarren kontsumo-kontrol errazagoa, kontsumo-datuetarako sarbide digital sinpleari esker.
-
Ingurumen-inpaktu positiboa, energia-kontsumoa murriztuz eta eragiketa-kostuak minimizatuz.
Cristina Laborda Irungo alkatearen esanetan, proiektu honek aurrerapauso berri bat ekarriko du zerbitzu publikoen eraldaketa digitalean. Gainera, Irun eta Hondarribia “kudeaketa adimendunaren” erreferente bihurtu dela uste du Labordak.
Igor Enparan Hondarribiko alkateak esan du herritarrei zerbitzu gardenago, eraginkorrago eta ingurumenarekiko arduratsuago bat eskainiko dutela. “Jasangarritasuna gure hiriaren konpromisoa da, eta aurrerapauso honek norabide horretan jarraitzen laguntzen digu”, gaineratu du.
Leire Zubitur Mankomunitateko lehendakariak azaldu du epe luzeko kostuak murriztuko dituztela eta horerk etorkizunean tarifa doituagoak eskaintzea ahalbidetuko du.
Instalazio prozesua
Kontagailuak aldatu aurretik, bizilagunei jakinarazi egingo zaie eta erakinen atarietan informazio kartelak jarriko dituzte. Kontagailuak etxebizitzen barruan dauden kasuetan, Txinzer harremanetan jarriko da abonatuekin, hitzordua adostu ahal izateko. Momentu batzuetan uraren hornidura eten egin beharko dute baina aurretik abisatuko zaie bizilagunei.
Bestalde, instalazio lanak egingo dituzten langile guztiek akreditazioa edukiko dute, segurtasuna eta konfiantza bermatze aldera.

