Nautiko zaleek hitzordua dute Ficoban
Ababor Euskadiko Biurteko Nautikoaren hirugarren edizioa hilaren 28tik 30era egingo da. 40 erakusketari eta 30 ontzi ikusteko aukera egongo da.
Bi urtetik behin egiten den Ababor Azoka Nautikoaren hirugarren edizioa martxoaren 28tik 30era egingo da Ficoban eta bertan lehen eta bigarren mailako ontzien eskaintza oparoa porturatuko da. Era berean, jarduera paraleloen egitaraua ere eskainiko dute, hala nola, erakusketak, dibulgazioa eta entretenimendua. Hiru egun iraungo dituen azoka hau Euskadiko Kirol Portuak babesten du.
Eskualdean “garrantzi handikoa” bilakatu den azoka dela azaldu dute antolatzaileek, 80 erakusketari eta 10.000 bisitari elkartuz. Aurreikuspenen arabera, aurtengo edizioa ere “arrakastatsua” izango da. Guztira 40 erakusketari eta 30 ontzi baino gehiago egongo dira Ficoban eta markei dagokienez, Jenneau, Beneteau, Lagoon, Yamaha edota Volvo elkartuko dira.
Gaming gunea instalatuko dute eta honen asmoa parte hartzearen bidez itsasoko ingurunearen errespetua sustatzea izango da. Bertan uretako teknologia, dibertsioa eta lehiaketa konbinatuko dituzte eta jolas hauek eskainiko dituzte: Virtual Regatta, Mario Kart eta Super Mario Party.
Azokaren aurretik, hilaren 22an, Elkarrekin Ababor jardunaldi nautikoa egingo dute, gurutzaontzien itsasaldi batekin, arrantza lehiaketaren bidez eta Optimartxoa estropadarekin. Jardunaldi hauek Euskadiko Kirol Portuarekin, Hondarribiko Klub Nautikoarekin eta Euskadiko bela Federazioarekin elkarlanean antolatu dute.
Azokaren ezaugarri nagusia “gaien aniztasuna” dela adierazi dute antolatzaileek eta eredu gisa jarri dute muturreko baldintzetan nabigatzen dutenen esperientzien partekatzea. batetik, Aina Bauza mallorcarraren bizipenean, 2024an 8.300 kilometro baino gehiago egin zituen bakarrik Atlantikoa zeharkatuz. Bauza bakarka nabigatzen munduko errekor bat lortu duen Estatuko pertsona bakarra bilakatu da. Bestetik, Guillermo Cañardo eta Pedro Errutiaren oroitzapenean pausatuko dira bertaratzen direnak. 1978ko Swan 57 batean, Ocean Globe Race lasterketan parte hartu zuen Espainiaren izeneko ontzi bakarra izan zen.

