Matxismoaren eta faxismoaren aurkako manifestazioa deitu dute Bidasoan
Hondarribitik eta Urruñatik abiatuko dira bi zutabeak, 17:45ean, eta irundarrek hainbat puntutan izango dute bat egiteko aukera.
Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da datorren larunbata eta M8 Asanblada Feministak manifestazioa antolatu du ordurako. Azken urteetan baliatzen ari diren formula berari eutsiko diote, hau da, bi zutabe irtengo dira; bata Hondarribitik eta bestea Pausutik (Urruña). Bi kasuetan 17:45ean egin dute hitzordua, Hondarribiko Martxoak 8 plazan eta Urruñako Charles Pucheu karrikan.
San Juan plazan bukatuko da martxa eta irundarrek manifestazioarekin bat egiteko hainbat momentu izango dituzte: Zubimuxuko biribilgunean 18:30ean; Etorbidea zubian 18:30ean, Gernikako arbolan 18:45ean edo Zabaltza plazan 19:00etan. Bukaeran, bertsolariak egongo direla aurreratu dute eta Amets musika jartzaileak giroa berotuko du.
Antolatzaileek argitu dute matxismoaren eta faxismoaren aurkako manifestazioa izango dela eta aurtengo leloa berdintasunaren alde martxan gabiltza izango da. Horregatik, dortsalak salduko dituzte “batasuna” adierazteko eta manifestazioa izan bitartean horiek erosteko aukera egongo da. Aurretik erosi nahi dituenak larunbateko Urdanibia plazako azokan izango du aukera.


