Eguberrietako kanpainak 3,86 milioi euroko inpaktua eragin du
Kanpaina honek utzitako inpaktu ekonomikoaren txostena idatzi du lehen aldiz udalak. Irundarrek 30,3 milioi euro gastatu zituzten.
Eguberrietako kanpainak Irunen izan duen inpaktu ekonomikoari buruzko txostena idatzi du udalak eta haren aurkezpena egin dute gaur Nuria Alzaga alkateordeak eta Jon Ugarte Herritarren Arretarako ordezkariak. Txosten hau idazteko inkesta bat egin dute telefono bidez, urtarrilaren 10etik 21era. Guztira 401 pertsonek eman zituzten erantzunak.
Lehen aldiz egin dute txosten hau eta lehenengo honekin hurrengo urteetan neurketa zehatzagoa egiteko oinarriak finkatu nahi dituzte. Datuek joerak adierazten dituztela azaldu dute bi udal ordezkariek eta hurbilketa moduko bat dela uste dute. Txosten pilotua da eta oinarri metodologikoa ezarriko du.
Kanpaina honetan egindako gastua 36,4 milioi eurokoa izan zen, eta 30,3 milioi euro irundarrek gastatu zituzten eta 6,1 milioi euro bisitariek. Bada, eguberrietako kanpainak 3,86 milioi euroko zuzeneko inpaktu ekonomikoa izan zuen hirian, eta itzulkina 3,2 milioi eurokoa izan zen; alegia, 5,8 aldiz udalaren inbertsioa.
Enplegua sortu da ere eta 489 kontratu egin ziren hiriko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan. Epe horretan hiri osoan egindako kontratuen %46. Inkestatuen %49k adierazi du aisialdiagatik gerturatu zirela Irunera; %32,7, erosketak egitera; eta %7,6 eguberrietako kanpainak erakarrita. Bestalde, Bidasoko jendea gerturatzeaz gain, Oarsoaldetik, Donostiatik, Nafarroatik eta Ipar Euskal Herritik jendea gerturatu zela baieztatu du udalak.
Inkestatuek antolatutako jarduera guztiei 10 puntutik 8 baino gehiago eman dizkiete. Balorazio hau “ia bikaina” dela iritzi du Ugarte ordezkariak baina datuen barne azterketa egingo dutela aurreratu du; jakin nahi dute zer gai hobetu dezaketen. “Gure helburua hirira produkturik onena ekartzea da beti”, zehaztu du.
Zabaltza plazako azoka izan zen bisitari gehien erakarri zituenak, inkestatutakoen %68,6 bertaratu baitzen. Izotzezko pistetan %59,1 egon ziren eta Errege Magoen desfilean, berriz, %58,1.
Amaia KZko Eguberrietako ongintzako kontzertuari eta San Juan plazako Eguberri kanten kontzertuari 8,7ko nota eman dizkiote. . Gabonetan Gogoz programak 8,6ko nota jaso du eta Olentzero eta Mari Domingirentzako gutun bilketari 8,4 puntu eman zizkioten, baita Amaia KZko eta Palmera Montero guneko erakusketei eta San Juan plazaren eta Kolon pasealekuaren inguruko kalejirei.
Kanpainaren berri izateko udalaren orrialdea edo informazio panelak baliatu dituzte herritarrek eta inkestarekin ondorioztatu dute herritarrek gero eta gehiago ezagutzen dituztela kanpainako jarduerak. Sare sozialak eta IrunApp aplikazioak ez dira hainbeste erabili.
Eguberriei begira jarduera espezifikoak antolatzea erakargarria da %97ren ustez. Hiriko ekonomia hobetu eta bizkortzen duela uste du %93k eta %84ren ustez inguruko udalerrietako turista eta bisitariak erakartzeko balio du. Oro har, instalazio guztia gustatu zitzaien %91ri.
Inkesta guztiaren xehetasunak, www.irun.org orrialdean topa daiteke.

