Badia lotuko duen bidegorria bukatzeko mahai bat sortzea onartu du udalbatzak
Amute-Kosta eta Mendelu auzo elkarteek Balazta elkartearekin batera aurkeztu zuten mozioa osoko bilkuran. Udalbatzak aho batez onartu zuen.
Amute-Kostako eta Mendeluko auzo elkarteek Balazta elkartearekin batera mozio bat aurkeztu zuten iragan asteko udalbatzan. Hondarribia, Irun eta Hendaia bizikletaz zein oinez elkartuko dituen azken zatiaren faltan, Hondarribiko Udalari mahai bat martxan jartzeko eskakizuna egin zioten elkarteek. Eta aldi berean, hiru herriak lotuko dituen bidegorriaren proiektua bultzatzeko eskatu zioten ere.
Udalbatzan aho batez onartu zuten elkarteek aurkeztutako mozioa, eta beraz, pozik agertu dira gaurkoan hirurak. Orain, mahia “ahalik eta lasterren” martxan jartzea eta proiektua abiatzeko “beharrezko izapideak egitea” espero dute. Eta gaineratu dutenez, “adi” egongo dira mahai horren jarraipena egiteko, eta beharrezkotzat jotzen denero laguntzeko prest egongo direla aurreratu dute.

