Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren sari banaketa, hilaren 13an
Hamargarren edizioaren sari banaketa izango da eta Kabigorrin elkartuko dira beste behin. Guztira 694 ipuin labur jaso dituzte aurten.
Asun Casasola Ipuin Lehiaketak hamar urte beteko ditu aurten eta urterik urtera arrakasta gehiago duen lehiaketa dela nabarmendu du Ainara Lopez Parean elkarteko kideak. Sari banaketa hilaren 13an egingo da Kabigorrin, 19:00etan, eta Casasolari berari babesa erakusteko ez ezik, indarkeria matxistari aurre egiten lanean dabilen herria dela Irun erakusteko eguna ere izango da.
Edizio honetan 694 ipuin labur jaso dituzte eta horrek “oso eskertua” den proiektua adierazten duela ziur da Lopez.
Aurten ere munduko hainbat txokotatik jaso dituzte lanak: Kuba, Peru, Japonia, AEB, Mexiko, Herrialde Katalanak, Venezuela, Dominikar Errepublika, Belgika, Panama, Kolonbia, Ingalaterra, Zeelanda Berria, Costa Rica, Nikaragua, Guatemala, Bolivia, Frantzia, Kanada, Italia, Alemania, El Salvador, Suitza, Danimarka, Paraguai eta Txile.
Euskal Herriko eskolak ere inplikatu dira eta esker berezia eman diote antolatzaileek Orixe ikastolari, Iturrama eskolari, Toki Alai eskolari, Txingudi ikastolari, Egiluze ikastetxeari, Solokoetxe eskolari eta Orereta ikastolari. Irungo AEKri ere eskerrak eman dizkiote.
Aurtengo lehiaketa
Urtero gai zehatza izaten du lehiaketak. Aurtengoa, baina, zabala izan da, ipuinen izaera erraztu eta parte hartzea handitu aldera: indarkeria matxista. “Gai zabala eta konplexua dela badakigu, baina aldi berean gaiak izan ditzakeen adiera guztiak ongi etorriak izango dira. Gai irekia da aurtengoa, beraz”.
Sariketaren helburuak berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta indarkeria matxista baztertzea izanik, aurten ere gaiari ikuspuntu baikorretik eusteko eskatu dute, “betiere indarkeria matxistaren aurkako borroka islatuz”.
Lau kategoriatan emango dituzte sariak. Bi euskarazko lanenak izango dira (12-16 urte artekoen lanenak, eta 16 urtetik gorakoenak), eta beste biak gaztelaniazko testuenak (euskarazkoen adin tarte banaketa berberarekin). Helduenen kategoriako irabazleek 300na euroko saioa jasoko dute, eta 12-16 adin tartekoen arteko beste biek 100ekoak nahiz 50 eurok balioa duen liburu sorta, Katakrak liburutegiak emana.
Parte hartze datuak
- Helduak euskaraz: 41 ipuin.
- Helduak gaztelaniaz: 515 ipuin.
- Gazteak euskaraz: 60 ipuin.
- Gazteak gaztelaniaz: 78 ipuin.
- Guztira: 694 ipuin.

