Kasino Zaharrarekiko utzikeria salaketak "onartezinak" direla esan du EAJk
Abotsanitzek esandakoak gezurtatu eta "errespetua" eskatu diote herri plataformari. Baita "komunikazioen tonua zaintzeko" eskatu ere.

Kasino Zaharreko tabernaren irekieraren biharamunean, Abotsanitzek, Kasino Zaharreko taberna irekitzeko “ezer ez egin izana” leporatu zion aurreko gobernuari (EAJ). Jeltzaleek salaketa hori gezurtatu eta “errespetua” eskatu diote herri plataformari. Baita “komunikazioen tonua zaintzeko” eskatu ere.
Polemikez aparte, Kasino Zaharreko tabernaren irekierarekin “oso pozik” daudela adierazi dute EAJko kideek eta “zorte handia” opatu diote zerbitzuaren arduradun izango den Maria Amada Sagarzazuri. “Badakigu gune hori oso garrantzitsua dela Kasino Zaharraren erabiltzaileentzat” esan dute. Eta horregatik, aurreko agintaldian, espazioa hobetzeko eta zerbitzuaren lizitazioa hasteko beharrezko urratsak emateko “lan egin” zutela ziurtatu dute.
2020an itxi behar izan zen kafetegia, pandemiaren ondorioz, eta “geroago ezin zitzaion kontratuari ekin” azaldu dute. Orduan, Gizarte Zerbitzuetako sailak, Gotzone Larrarte zinegotzia buru zela, Kasino Zaharreko espazioak hobetzeko irisgarritasuna hobetzeko eta segurtasuna bermatzeko lanak hasi zituztela esan dute, “gurpil aulkiekin eraikinera sartu ahal izateko lanak egin ziren. Kafetegirako alkari berriak erosi eta hainbat guneetako ekipamendua ere berritu zen”.
Lan horiek burututa zerbitzu teknikoek “beharrezko izapideak” egin zituztela ziurtatu dute tabernak jarduera baimena izan zezan, eta aldi berean, azterketa ekonomiko eta finantzarioa egin zutela, Ikei enpresarekin. “Azterketa hori eskatu zuten alderdi politikoekin partekatu zen”. Gainera, erailtzaileek eskatuta kafetegiaren garbiketa “integrala” egin eta espazioa vending motako makinekin hornitu zutela gaineratu dute.
“Bilera tekniko-politiko ugari egin ziren zerbitzuaren lizitaziorako formulak baloratzeko eta aztertzeko. Agian hori guztia aldez aurretik eginda zegoelako, gobernu talde berria kontratazio pleguak egiten hasi ahal izan zen iritsi bezain pronto. Aldez aurretik lizitazio espedientea hasteko behar zen lan guztia egina zegoelako” azaldu dute.
Horrengatik guztiagatik, Abotsanitzek egindako adierazpenak “udaleko sailek eta prozesu osoan lan egin zuten pertsonek egindako lanarekiko errespetu falta” direla esanez bukatu dute oharra.