Emakundek "irmo" gaitzetsi du Irungo hilketa matxista
Emakunderen zuzendari Miren Elgarrestak babesa eman dio familiari eta inguru hurbilenari.

Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak gaitzespen irmoena azaldu du Irunen izandako emakumearen hilketaren aurrean. Halaber, elkartasuna eta laguntza eskaini die eraildako emakumearen familiari eta gertukoei.
47 urteko gizon batek labanaz eraso zuen ama atzo 13:30ean irunen. Emakumea Donostia Ospitalera eraman zuten zaurituta eta bertan hil dela jakinarazi dute gaur goizean. Kasuaren ikerketatik atera daitezkeen xehetasunen zain, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeriarik gabeko Bizitzetarako Legeari erreferentzia egin dio Emakundek komunikabideetara helarazitako prentsa oharrean, “lege horrek jasotzen du indarkeria matxista dela, besteak beste, emakumeen aurkako familia barruko indarkeria”.
Indarkeria matxistaren “gogortasuna eta konplexutasuna” nabarmen jarri ditu halaber, “baita hedatzeko, transmititzeko eta harreman mota desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna ere”.
Gaitzespena adieraztera deitu ditu herritar guztiak, “pertsona guztien inplikazioa ezinbestekoa baita emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea lortzeko”.