Industria sarea indartzeko hiru proiektu aurkeztu ditu Bidasoa Bizirikek
Enpresa txiki eta ertainen (ETE) lehiakortasuna hobetzeko Bidasoa Zirkularra eta Jasangarria, Bidasoa Digitala eta Enpresa Estrategia proiektuak martxan jarri dituzte Irun eta Hondarribiko Udalek.

Urtarriletik eskualdeko industria hobetzeko hiru proiektu abiatu ditu Bidasoa Bizirikek: Bidasoa Zirkularra eta Jasangarria, Enpresa Estrategia eta Bidasoa Digitala. Ekimen hauen helburua “tokiko enpresen iraunkortasuna, digitalizazioa eta kudeaketa estrategikoa hobetzea” da. Nuria Alzaga presidenteak Bidasoa Bizirikek industria-sektorea iraunkortasuna eta hazkundea bermatzen lagundu behar duela adierazi du. Hiru ekimenek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren babesa jaso dute, programa horiek ezartzen laguntzen duten aholkularitza espezializatuen laguntzarekin batera.
Industriaren karbono-aztarna apaldu nahi du Bidasoa Zirkularra eta Jasangarria ekimenak. Horretarako, emisioak neurtu eta hobekuntza planak garatuko dituzte enpresek, eta MITECO eta HCC zigiluak lor ditzakete. Urtarrilaren 15ean abiatu zuten proiektua, eta eskualdeko 15 enpresek parte hartzen dute.
Enpresen kudeaketa eta plangintza estrategikoa optimizatzeko Enpresa Estrategia proiektuaren edizio berria urtarrilaren 29an hasi zen. Programa honetan parte hartzen duten enpresek “hazkunde-estrategiak zehazteko, merkatuan duten posizionamendua eta barne-prozesuak optimizatzeko” aholkularitza jasoko dute. Aurtengo edizioan sei enpresa berrik parte hartuko dute, eta iazko edizioko beste sei enpresak “enpresa-planak hobetzen jarraitzen dute”.
Bidasoa Digitala ekimenaren edizio berria ere antolatu dute. Enpresa txiki eta ertainetan “diagnostiko pertsonalizatuen eta enpresa bakoitzari egokitutako ekintza-planak” garatuko dituzte, “eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzeko”. Sei enpresek parte hartuko dute proiektuan, eta beste seik laguntza berezia jasoko dute proiektu teknologikoak indartzeko.