'A los libros y a las mujeres canto' filmaren proiekzioa, etzi
DokuIrun programaren zortzigarren saioa izango dute hilaren 7an Irunen. Filmaren ostean, zuzendariarekin solasaldia egongo da.

Etzi, hilaren 7an, Maria Elorza zuzendariaren A los libros y a las mujeres canto filma proiektatuko dute DokuIrun programaren baitan, Irungo Udaleko Kultura arloak antolaturik. Amaia KZn jarri dute hitzordua, 19:00etan.
Saio guztietan egiten den bezala, filma proiektatu ondotik Elorza zuzendariarekin solasaldia egiteko aukera egongo da. 2022ko Donostiako Nazioarteko Zinemaldian Gazteriaren Saria irabazi zuen filmak.
Horrela laburbildu dute filma sinopsian: “Emakume bati ia Avioneta izena jarri zioten. Beste batek liburutegi bat eduki zuen bere autoaren atzeko eserlekuan. Beste batek hatz bat hausten du bere liburu-dendako apal bihurriekin. Emakume zigarrogileek irakurketak entzuten dituzte, lanean ari diren bitartean. Emakume lisatzaileek olerkiak gogoratzen dituzte. Haiei guztiei kantatzen diet. Sua, ura, sitsa, hautsa, ezjakintasuna eta fanatismoa kontra, emakume-armada anonimo batek zaintzen ditu liburuak. Erresistentzia intimo bat da, epikarik gabea, iraultzarik gabea, armarik gabea.”
Beste hiru hitzordu ere lotuak ditu dagoeneko DokuIrun programak. Martxoaren 14an Zua Mendez eta Teresa Lozanoren Aún es tiempo de feminismo emango dute; apirilaren 4an, Andres Robledaren Scooter; eta azkenik, maiatzaren 9an Amnistia Internazionalak antolaturik Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko film saritua proiektatuko dute.
Sarrerak dohainik eskuratu daitezke kultur zentroaren webgunean, Turismo Bulegoan, edo emanaldi aurretik leihatilan.