Plaiaundi parkea kontserbatzeko duten utzikeria salatu du Eguzkik
Hezeguneen Nazioarteko Egunean (hilak 2), ibilaldi gidatu bat antolatu zuen Eguzkik Plaiaundi parketik. Ingurumenarekiko errespetua sustatzeko eta Natura 2000 sareko gune paregabeak ezagutzera emateko helburua zuen irteerak.

Txingudiko hezegunean zehar ibilaldi gidatu bat antolatu zuen Eguzkik. Igandean, egin zuten ibilaldia, Hezeguneen Nazioarteko Egunean. Bertan, biodibertsitatearen garrantziaz hitz egiteaz gain, administrazioek Plaiaundi parkea, Natura 2000 Sarearen parte dena, kontserbatzeko duten utzikeria salatu zuten taldeko kideek.
“Aintzira handitzea premiazko lehentasunetako bat izan zen Eusko Jaurlaritzak 2014an Txingudiri buruz egin zuen diagnostikoan. Eta hala ere, hainbat arrazoi direla medio, proiektua geldirik dago. Funtsean, egin behar den gauza bakarra, ondoko eremu baten kontura aintzira handitzea da, gaur egun baratzez okupatuta dagoena”, esan dute.
Hamar urteren ondoren aintzirak bere horretan jarraitzen du. Hori horrela, talde ekologistak uste du Eusko Jaurlaritzak “atzetik beste helburu batzuk dituela”. Izan ere, orain artean egin dituen proiektuetan ez dute ingurumen arriskuen ebaluaziorik egin, “eta legeak ebaluazio hori derrigorrez egitea eskatzen du”. Proiektuen xehetasunak eskatu badituzte ere, erantzunik jaso ez dutela salatu dute.
Hori dela eta, tarteka, igandean antolatu zuten irteerak bezalako ekintzak antolatzen dituztela gehitu dute, ingurumenarekiko errespetua sustatzeko eta Natura 2000 sareko gune paregabeak ezagutzera emateko helburuarekin.