Txingudiko hezeguneen egoera ezagutzeko ibilaldia, igandean
Eguzki Euskal Herriko Talde Ekologistak Hezeguneen Nazioarteko Eguna probestu du San Lorentzo urmaelak handitzeko duen premia helarazteko.

Igande honetan (otsailaren 2an) Hezeguneen Nazioarteko Eguna izango da eta data hori probestuz Plaiaundi parkea ezagutzeko ibilaldia antolatu du Eguzki Euskal Herriko Talde Ekologistak. Hitzordua 11:00etan izango da, Plaiaundi parkeko sarrerako Ekoetxean.
Ibilbide erraz bat eginez aditu baten azalpenak entzutea eta paisaiaz gozatzea da igandeko hitzorduaren helburua. Lagunekin, familian edo bakarrik gerturatzeko deia egin dute.
San Lorentzo aintzira
Parkeak barruko bi aintzira, marearteko hondartza bat eta ur gezako bi aintzira ditu. Horietako bat da San Lorentzo. Talde ekologistako kideek azaldu dutenez 2014an, Eusko Jaurlaritzak Txingudiri buruz egindako diagnostikoan, hura handitzeko beharra ondorioztatu eta premiazko lehentasunen artean ezarri zuen. Hamar urte geroago, ordea, urmaelak bere horretan jarraitzen du.
Eguzkik aintzira handitzearen garrantzia ezagutzera eman nahi du eta horretarako igandeko hitzordua momentu ezin aproposagoa izango da.